Arantza Aizpurua eta Beñat Intxauspe: "Edonork egin ditzake hitz gurutzatuak, prestakuntza handirik gabe ere"

Ane Insausti Barandiaran ('Berria' egunkaria) 2026ko maiatzaren 28a

Intxauspe eta Aizpurua, Hitz Gurutzatuen Udaberriko Txapelketako aurkezpenean. (Mireia Galarza Bastida)

Hitz Gurutzatuen Udaberriko Txapelketa antolatu dute Zarautzen, hitz gurutzatuen zaleei "plaza bat" eskaintzeko asmoz. Euskararekin eta euskaraz gozatzea da lehiaketaren helburua.

Hormetan herriko euskararekin lotutako hitzak eta esamoldeak daude Zarauzko (Gipuzkoa) Zirika euskara elkartearen egoitzan. Bertan daude Beñat Intxauspe (Zarautz, 1990) eta Arantza Aizpurua (Zarautz, 1955), hitz gurutzatuetarako prestatutako taulen alboan. "Ez dugu arrasto handirik emango, batzuk txapelketan sartuko dira eta", esan du Intxauspek. Igandean jokatuko dute Hitz Gurutzatuen Udaberriko I. Txapelketa, eta bihar arte eman daiteke izena, Labur.eus/udaberri-hitz-gurutzatu-26 atarian. Lehiaketarako entrenatzeko, definizio formako galderei erantzun diete.

Gipuzkoako kostaldeko udalerria, malekoia eta metro koadroko surflari gehien duena.

Arantza Aizpurua: Zarautz [barrez].

Beñat Intxauspe: Metro koadroko etxe garestiena duena ere galdetu zenezakeen...

Bertan antolatu duzue igande honetarako Hitz Gurutzatuen Udaberriko Lehiaketa. Zer dela eta?

Intxauspe: Irunen egiten da Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa: hamar egin dituzte dagoeneko. Karga handia iruditzen zaie haiei urtero hori antolatzea. Beraz, alde batetik, horretan laguntzeko, eta beste alde batetik, hori osatzeko antolatu dugu. Urte osoan ez dadin izan egun bakarra, eta hitzarekin jolastu zaleak direnek beste plaza bat eduki dezaten. Hitzarekin lotutako jolasekin egutegi bat osatzea da asmoa.

Antolatzaileak, zuek: Zarauzko Zirika elkartea.

Intxauspe: Nik Irungoan parte hartzen dut, eta Zirikan badaukagu euskararekin gozatzeko ekitaldiak antolatzeko ohitura; hau egitea aproposa iruditu zitzaigun. Proba jarri nien elkarteko eta inguruko kide batzuei, eta izugarri ondo pasatu zuten.

Aizpurua: Bai, zerbait desberdina egitea da helburua. Beti gabiltza hitzaldiekin, kantu bazkaria egiten dugu... Baina euskararekin gozatzeko zerbait gehiago egin nahi genuen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkariaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide