Etxebizitzaren arazoaren aurrean, Zarauzko Etxebizitza Sindikatuak salatu du "herritik kanporatuak" izaten ari direla, "ezinezkoa" baita herrian bizitzea. Sindikatuak dio etxebizitzaren gaia "politikari guztien ahotan" dabilela azkenaldian: "Denek dakite zer egin behar den arazoari aurre egiteko".
Taldeak garbi du etxebizitza gehiago eraikitzeak ez duela Zarauzko arazoa apaldu: "Salberdingo eta Iñurritzako proiektuekin ikusi da etxebizitza gehiago egonda ere prezioak goraka doazela". Era berean, sindikatuak garbi dio horrelako proiektuek "Amenabar bezalako enpresak aberastea" dakartela, baina herritarrek "etxebizitza bat eskuratu ezinda" jarraitzen dutela.
Halaber, eremu tentsionatu izendapenaz ere mintzatu da sindikatua, eta neurriaren aurrean, ondorengoaz ohartarazi du: "Eremu tentsionatu izendatzearen neurriak ez die eragingo etxebizitzaren salerosketari, ezta dagoeneko sinatuta dauden kontratuei, ezta aldi baterako kontratuei ere. Gainera, aplikatu ahal izango den kasuetan, ez da beti tope bat ezarriko, kasu gehienetan prezioen igoera soilik mugatuko baita. Hau da, mugatuko dena ez da alokairuaren prezioa izango, haren igoera baizik".
Gaur egungo kontratu gehienak aldi baterakoak direla ere jakinarazi du Etxebizitza Sindikatuak, eta, ondorioz, uda garaian familia askok etxeak utzi behar izaten dituztela salatu du. "Politikariek nahiago dute horren inguruan ez hitz egin", adierazi du taldeak.
Batzarrerako deialdia
Hori horrela izanik, etxebizitzaren arazoaz hitz egiteko batzarra deitu du Etxebizitza Sindikatuak. Maiatzaren 30ean izango da, 11:00etan, Hiruputzu gaztetxean, eta gaiaz jakin nahi duen oro gonbidatu dute parte hartzera.
Gainera, gogoratu taldeak gogoratu du inork sindikatuan parte hartu nahiko balu, horretarako aukera zabalik duela.