Euripean garaipenak epikoagoak izaten omen dira, eta gaur Zarauzko hondartzan jokatutako 81. Hondartzako Futbol Txapelketako finaletan ez da euririk falta izan, ezta eguzkirik, ez une lainoturik ere. Giro aldrebesa izan da eguraldiari dagokionez, baina horrek ez du zapuztu hondarretan bizi izan dena, emoziorako une ugari bizi izan baitira gaurkoan Zarauzko hareatzan.
Haurren zein helduen kategoriak eta txapelketak kontutan hartuta, izan liga, izan kopa, 11 partida jokatu dituzte guztira, eta egun handietan bezala, makina bat zarauztar, zein inguruko herrietako jendea bertaratu da norgehiagokak ikustera.
Hondartzako ezkerraldean jokatu dituzte haurren partidak, eta eskuin aldera helduenak. Azken hauei dagokionez, bost partida izan dira jokoan, emakumeen bi eta gizonen hiru. Senior kategoriako emakumeen bi norgehiagokak berdinketarekin amaitu dira, eta penaltietara joan behar izan dute. Hala, VI. Maria Jauregi Ligan, Orbela eta Itxaso Taberna neurtu dira, eta partida bina goleko berdinketarekin amaitu dute. Penaltietan hobeto moldatu da Itxaso Taberna eta beretzat izan da garaipena.
Kopan, berriz, XXI. Emilio Olazabal Kopa izan dute jokoan, eta Shelter-Pukas eta Kirkilla Enea Jatetxea neurtu dira. Lehia banako berdinketarekin amaitu dute, eta penaltietan Shelter-Pukas taldea aritu da hobekien, Kopako irabazle bihurtuz.
Gizonetan, LXXXI. Paco Urquia Ligako finala jokatu dute Telesforo Erretegia eta Celso Castro taldeek. Emakumeetan bezala, hemen ere penaltietara jo behar izan dute, partida banako berdinketarekin amaitu delako. Telesforo Erretegia izan da txanda horretan gol gehien sartu dituena, eta beretzat izan da Ligako garaipena.
XXXI. Juan Irigaray Kopan, bestalde, Ulacia eta Izar Optika neurtu dira, eta lehen taldeak lortu du garaipena, partida 3 eta 2 emaitzarekin irabazi eta gero. Senior mutilen Mollarri Koparen finala ere jokatu dute aurtengoan, eta finalean Euskalmader Acuchillados eta Iuri Aholkularitza neurtu dira. Azken hauek 1 eta 4 emaitzarekin irabazita eraman dute garaikurra etxera.
Emaitzak
5. maila mutilak
La Salle 5M, 1 – Iturzaeta 5M, 3
5. maila mistoak
SM52, 3 – SM53, 5
5. maila neskak
La Salle 5BN, 1 – Iturzaeta 5N, 1 (penaltietan Iturzaeta 5N irabazle)
6. maila mutilak
La Salle 6AM, 6 – Iturzaeta 6M, 2
6. maila mistoak
Zaragueta 61, 1 – SM 64, 5
6. maila neskak
La Salle 6B N, 2 – La Salle 6A N, 2 (penaltietan La Salle 6B N irabazle)
Senior neskak: XXI. Emilio Olazabal Kopa
Shelter-Pukas, 1 – Kirkilla Enea Jatetxea, 1
Senior neskak: VI. Maria Jauregi Liga
Orbela, 2 – Itxaso Taberna, 2 (penaltietan Itxaso Taberna irabazle)
Senior mutilak: LXXXI. Paco Urquia Liga
Telesforo Erretegia, 1 – Celso Castro, 1 (penaltietan Telesforo Erretegia irabazle)
Senior mutilak: XXXI. Juan Irigaray Kopa
Ulacia, 3 – Izar Optika, 2
Senior mutilak: Mollarri Kopa
Euskalmader Acuchillados, 1 – Iuri Aholkularitza, 4