Zarautzon zientzia elkartearen ekimenez, El secreto de la naturaleza dokumentala emango dute etzi, asteartea, Modelon. 19:00etan izango da emankizuna, eta amaitzen denean solasaldia ere izango da, Pedro Miguel Etxenikerekin eta Guillermo Roarekin.
Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak ekoitzitako eta Jose Antonio Perezek zuzendutako dokumentala da. Pedro Miguel Etxenike Euskal Herriko Unibertsitateko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun ohiaren eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentearen bizitza eta lana ikusarazten du.
Zientziaren garrantziaz hitz egiteko ariketa bat da. Izan ere, Etxenikeren hitzetan, zientzia "etorkizun justuago eta gizatiarrago baten itxaropena ematen digun hazi eraldatzailea" da.
EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari Iker Badiolak aurkeztuko du dokumentala, eta solasaldia Etxenikeren eta Elhuyarreko dibulgatzaile den Guillermo Roaren artekoa izango da.