Jokin Bellido eta Oihane Agirrebeña nagusitu dira Zarauzko VIII. Herri Lasterketan

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 3a

Zarauztarren artean, Eñaut Salegi (00:31:48) eta Maialen Iñarrairaegi (00:42:59) izan dira azkarrenak. Guztira, 200 bat korrikalarik parte hartu dute gaur goizeko proban. 

Eguraldia lagun eta parte hartze muga beteta, gaur jokatu dute herriko kaleetan barrena A 3 el km! taldeak antolatutako Zarauzko VIII. Herri Lasterketa. Lege Zaharren Enparantzan hasi eta amaitu da proba, eta azkarrenak izan dira Jokin Bellido oriotarra eta Oihane Agirrebeña elgoibartarra, hurrenez hurren, helmugara 28 minutu eta 6 segundutan, eta 36 minutu eta 54 segundutan iritsita.

Ibilbidea zertxobait aldatuta egin dute gaurko lasterketa guztira 200 bat korrikalarik. Orotara ia bederatzi kilometro egin dituzte herriko kaleetatik barrena: udaletxe aurretik irten eta zuzen-zuzenean tren geltoki aldera abiatu dira korrikalariak. Segidan, Lapurdi kaleko bidegorritik Ikastolaraino joan dira, eta behin Ikastolara iritsita, Mitxelena kaleko bidegorritik Salberdinera egin dute. Ondoren, Amalur parketik Paxora, eta Paxotik Herrikobarra kalera joan dira, Foruen kalera iritsi arte. Bizkaia kaletik anbulatoriora jo dute, eta Azken Portu  igo eta jaitsi ondoren, Herrikosoroko bidegorritik suhiltzaileetaraino jarraitu dute. Ikastola aldera iritsitakoan, eta Nafarroa kalea azpibidetik gurutzatuta, Ispilla aldera joan dira. Azkenik, araztegi ondotik pasa, eta biotopotik jarraitu dute. Malekoia zeharkatu ondoren, Lege Zaharren Enparantzan bukatu dute lasterketa. 

Fin ibili dira kirolariak, eta horietan azkarrenak izan dira Bellido eta Agirrebeña. Atzetik izan dituzte lasterketan zehar bigarren sailkatu diren Natale Bergara (00:37:39) eta Andrea Muñoz ere (00:38:09). Mutiletan, aldiz, Kamal Ziani oriotarra (00:29:25) eta Aimar Sukuntza lasartearra (00:29:28) izan dira bigarren eta hirugarren azkarrenak. Zarauztarren artean, Eñaut Salegi (00:31:48) eta Maialen Iñarrairaegi (00:42:59) izan dira azkarrenak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide