Arnaldo Otegi eta Nekane Zinkunegiren hitzaldiarekin, martxan da EH Bilduren 'Zarautz Biziberritu' egitasmoa

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 2a

Asteazkenean egindako hitzaldia. (EH Bildu)

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Nekane Zinkunegi Gipuzkoako arduradun politikoa Zarautzen izan dira aste honetan, eta bertan egin zuten Zarautz biziberritzeko "deia", "bakoitzak dagoen tokitik eta indar osoz herriari bultzada emateko helburuarekin". 

Euskal Herriak dituen erronka politikoak, EH Bilduren proposamenak, nazioarteko egoera eta beste hainbat gairi buruz hitz egiteko, asteazkenean bildu ziren dozenaka herritarrekin Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Nekane Zinkunegi Gipuzkoako arduradun politikoa Merkatu Plazan antolatutako saioan. 

Bertan azaldutakoaren arabera, EH Bilduk Zarautz "euskaltzale, kulturzale, feminista eta kirolzalea nahi du, auzogintzan aritzen dena, auzoetako jaiak antolatzen dituena, elkartasuna praktikatzen duena, zaintzen duena eta zaintzaileak ere zaintzen dituena", eta helburu horiei jarraika ari da kualizio subiranista. Horren aurrean, baina, hizlariek azaldu zuten Zarautz "pultsua galtzen" edo "itzaltzen" ari dela, eta maiz, udal gobernua "laguntzaile baino, oztopatzaile" ageri dela. Horregatik, asteazkeneko hitzaldia Zarautz biziberritzeko "deia" izan zela esan zuten EH Bilduko kideek, "bakoitzak dagoen tokitik eta indar osoz herriari bultzada emateko helburuarekin". 

Etxebizitzaren gaiaz ere jardun zuten Otegik eta Zinkunegik. Euskal Herria "etxebizitza krisian" dagoela azpimarratu zuten, eta Jaurlaritzatik zein hainbat udaletatik ez zaiola behar den erantzunik ematen. "Horren adibide gordina da Zarautz, etxebizitzaren prezioa Euskal Herriko eta espainiar estatuko altuenetakoa izanik, Zarautzen bzitzeko eskubidea urratzen baitzaie milaka zarauztarri, bereziki gazteei", esan zuten. Egoera "larri" horren aurrean, udal gobernua "oinarrizkoak diren erabakiak hartzeko gai ez" dela esan zuten hitzaldian, adibidez, "gune tentsionatuaren izendapena eskuratzeko".

Euskal Herriaz, espainiar nahiz frantziaz estatuez, eta munduaz ere hitz egin zuten Otegik eta Zinkunegik. Euskal Herrian "estatus juridiko-politiko berriak lortzeko aukera" aipatu zuten, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bezala, baita Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere. "Estatus berriak Euskal Herria nazioa dela aitortu beharko luke, eta ondorioz, nazio gisa dagozkigun eskubideak errealitate bilakatzeko tresna juridiko-politiko garrantzitsua eskuratuko litzateke", esan zuten. Aldi berean, helburu horiek guztiak lortzeko, EH Bildu "indartsu bat izatea garrantzitsua" dela azaldu zuten hizlariek. Dena den, bultzada politiko-instituzionalaz gain, "gauzak aldatzeko herri bulkada indartsua beharrezkoa" izango dela ere adierazi zuten. Helburu horri begira martxoa hilabete "emankorra" izan dela kontatu zuten: Gasteizen martxoaren 3ko gertakariak gogoratzeko mobilizazioak, martxoaren 8an feminismoak egindako "indar-erakustaldia", martxoaren 17ko greba orokorra, Korrika... "Munduan indar erreakzionarioak indartzen ari diren bitartean, Euskal Herrian balore ezkertiar, feminista, euskaltzale eta independentistak nagusitzen ari dira, eta hori esperantzarako arrazoi sendoa da", nabarmendu zuten.

Amaitzeko, Euskal Herria herri txiki bat izanik, mundua "hankaz gora dagoen honetan eta eskuin muturraren oldarraldiaren aurrean", instituzio guztietan eta baita Zarauzko Udalean ere "EAJ-PSEren arteko eztabaida iraunkorrek ez dietela herritarrei mesederik egiten" gogoratu zuten. Horregatik, "gobernu kooperatiboak martxan jartzeko deia" egin zuten Zinkunegik eta Otegik, elkarren arteko liskarrak alde batera utziz. 

(Argazkia: EH Bildu)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide