Hitz Gurutzatuen Udaberriko Txapelketa antolatu du estreinekoz Zirikak maiatzaren 31rako

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 1a

Zirikako kideak, txapelketaren berri emateko aurkezpenean. (Mireia Galarza Bastida)

Zarauzko txapelketak bi maila izango ditu. Alde batetik, Euskal Herriko hitz gurutzatuen txapelketako maila, non definizioak "hitz jokoekin eta aipamen soziokulturalekin osatuta egongo diren", eta bestetik maila arrunta, egunkarietako denbora pasak egitera ohituta dauden baina txapelketa batean inoiz parte hartu ez duten horientzat zuzenduta. Egun, mota horretako txapelketa bakarra jokatzen dute Euskal Herrian, Irunen, bertako Aitzondo euskara elkarteak antolatuta. "Ekimen horri urtean zehar jarraipena emateko asmotan", baina, Zirikak udaberrian gisa horretako txapelketa bat antolatzea erabaki du.

Irungo (Gipuzkoa) ereduari jarraika, Zirika euskara elkarteak Udaberriko Hitz Gurutzatuen I. Txapelketa antolatu du maiatzaren 31rako, igandearekin batera. Egun, mota horretako txapelketa bakarra jokatzen dute Euskal Herrian, Irunen, bertako Aitzondo euskara elkarteak antolatuta. "Ekimen horri urtean zehar jarraipena emateko asmotan", baina, Zirikak udaberrian gisa horretako beste txapelketa bat antolatzea erabaki du, eta antolatzaileek azaldu dutenez, dena ondo ateratzen bada, asmoa da hurrengo urteetan ere jarraipena izatea egitasmoak.

Maiatzeko azken asteburuan egingo duten Literaturia jaialdiko karpa aprobetxatuz, Lege Zaharren Enparantzan izango da Udaberriko Hitz Gurutzatuen I. Txapelketa, eta lehiakideek 9:30ean agertu beharko dute bertara gehienez. Txapelketa 13:30 arte luzatzea aurreikusten dute Zirikako kideek, eta amaitzen denean, parte hartzaileek elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute.

Lehiaren xehetasunei dagokienez, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketako formatua errepikatuko du Zirikak. Parte hartzaileak banaka ariko dira eta bi gurutzegrama osatu beharko dituzte: 9:45etatik 10:30era 10x10ekoa eta 10:45etik 11:45era 12x12koa. Bi taulen batura eginda, akats gutxien egiten dituztenen artean, hiru azkarrenak igaroko dira finalera. Finala 12:15ean izango da eta ordubeteko denboran 15x15eko taula osatu beharko dute. Taula horiek, paperean egon ordez, plastikozko taula handietan egongo dira inprimatuta, eta finalistek publikoaren aurrean zutik osatuko dute finaleko ariketa. Sariei dagokionez, irabazleak garaikurra jasoko du eta finalistek, berriz, bi lagunentzako bazkari bonoak eta bestelako sorpresa batzuk. Horiek eskaini dituzten jatetxeen artean daude Kirkilla, Argiñano, Zubi Ondo, Pedro Enea, Telesforo eta Izeta.

Berrikuntzak

Irunen ez bezala, Zarauzko txapelketak bi maila izango ditu. Alde batetik, Euskal Herriko hitz gurutzatuen txapelketako maila, non definizioak "hitz jokoekin eta aipamen soziokulturalekin osatuta egongo diren". Bestetik, maila arrunta, non definizioak "egunkarietan agertu ohi direnak izango diren". Zirikako kideek azaldu dute maila bat zein bestean osatutako taula berbera izango dela eta definizioetan egongo dela desberdintasuna. "Modu honetara, egunkarietako denbora-pasak egiteko ohitura dutenei eta txapelketa batera aurkezteko zalantzan daudenei aukera eman nahi zaie, benetan atsegina izan ohi den goiz pasa hau ezagutzeko", kontatu dute aurkezpenean. Bi maila egongo direnez, maila bakoitzak bere sailkapena izango du eta, ondorioz, bi final jokatuko dituzte hiruna kiderekin. Amaieran, bi irabazle izango ditu txapelketak.

Izena emateko epea dagoeneko ireki dute antolatzaileek, esteka honetan. Dena den, paperean izena ematea nahiago dutenek, horretarako aukera izango dute Zarauzko turismo bulegoan maiatzaren 28ra bitartean, 5 euroren truke. Izena emateko momentuan zehaztu beharko dute parte hartzaileek bazkaltzen geratzeko asmoa ere baduten ala ez. Materiala antolatzaileek jarriko dutela ere gaineratu dute. 

Horretaz gain, Zirikako kideek bereziki azpimarratu nahi izan dute "hiztegiak eta entziklopediak ekartzeko gomendioa", bai sinonimoen hiztegienak, baita entziklopedia edo hiztegi arruntak ere. "Leku izenak edota izen historikoak agertu ohi direnez, ia ezinbestekoa izan ohi da hauek erabiltzea", gaineratu dute. Hori bai, "bakarrik paperezko bertsioak" onartuko dituzte, inola ere ez bertsio digitalak. 

Irunen egindako txapelketetako bat. (Utzitakoa)

Hitz gurutzatuak online

Txapelketatik at, baina gurutzegramekin harreman zuzena duen beste proiektu baten berri ere eman dute Zirikako kideek. Lehen aldiz, euskarazko hitz gurutzatuak online egiteko webgune bat jarri dute abian hainbat norbanakok, eta bertan, Luma aldizkarian eta Euskal Herriko hitz gurutzatuen txapelketetan agertu diren hitz gurutzatu ia guztiak jaso dituzte. "Gurutzegramak ordenagailuz bete eta autozuzentzeko aukera ematen du webguneak, baina aldi berean, aukera ematen dio erabiltzaileari bere mailarekin zalantzarik izanez gero, hori neurtu edota entrenatzeko", diote Zirikakoek. Esan dutenez, etorkizunean "urte osoko online lehiaketa" martxan jartzeko asmoa dute webgune horretan. Etorkizunari buruz hizketan, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen txapelketa azaroaren 22an izango dela ere jakinarazi dute antolatzaileek, ohi bezala Irunen.

Amaitzeko, Zirika euskara elkarteak eskerrak eman nahi dizkie egun honen antolaketan lagundu duten guztiei: Zarauzko Udala, Zurekin ostalaritza elkartea, Arrano elkartea, hainbat norbanaka eta sariak jarri dituzten jatetxeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide