Zarautzen hasi eta amaituko da Euskal Herriko Itzuliaren lehenengo etapa

Intza Trula 2026ko apirilaren 22a

Javier Riaño OCETAko presidentea, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia Itzulia Womeneko aukerzpenean. (Intza Trula)

Maiatzaren 15ean izango da emakumeen txirrindulari probaren lehen etapa, eta Zarauzko malekoian hasi eta San Pelaion amaituko da, eta eskualdeko errepideetan ibiliko dira txirrindulariak.

Zarautz izango da aurtengo Euskal Herriko Itzuliaren irteera puntua. Maiatzaren 15ean, 16an eta 17an jokatuko dituzte emakumeen txirrindulari proba osatuko duten hiru etapak, eta lehenengo proba Zarautzen hasi eta amaituko da. Bigarren etapa Bizkaiko herrietan barrena jokatuko dute, eta hirugarrena Donostian eta inguruetan izango da. 

Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo edizioa udaletxeko batzar aretoan. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak zein Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak parte hartu dute saioan, baita Euskadiko Txirrindulari Elkarteko (OCETA) presidente Javier Riañok ere. Etapa bakoitzaren ibilbidea eta xehetasunak eman ditu Riañok, hain zuzen.

Hark kontatu duenez, probaren lehenengo etapak –maiatzak 15– Zarautzen izango ditu irteera eta helmuga. Ibilbideak 121,3 kilometroko distantzia izango du, 2.400 metroko desnibel positiboarekin. Hala, Zarauzko malekoitik Zumaiarako bidea hartuko dute lehendabizi txirrindulariek. Behin Itziarrera (Deba, Gipuzkoa) helduta, Debara (Gipuzkoa) jaitsiko dira, eta ondoren Kalbario eta Azkarate mendateak igoko dituzte. Azkoitirantz joango dira jarraian, eta Azpeitia pasa ondoren, Urrestillatik igaroko dira. Santa Agedako mendatea igoko dute ondoren eta jarraian Etumeta. Handik, Aizarnazabalera joango dira, eta Zubialdetik igarota, Garate igoko dute. Handik Zarautzera jaitsiko dira, eta San Pelaion izango dute helmuga.

Larunbatean, maiatzak 16, 138 kilometroko etapa bat izango dute, 2.560 metroko desnibelarekin. Abadiñon (Bizkaia) hasiko da, eta Zornotzan (Bizkaia) amaitu. Zehazki, Abadiñotik aterata Trabakua igoko dute, eta ondoren Milloi Gane, Natxitua, San Pelaio eta Aretxabalgane mendateak igoko dituzte, proba Zornotzan amaituz.

Hirugarren eta azken etapa, maiatzaren 17koa, Donostian hasi eta amaituko da. 113,1 kilometro izango ditu, 1.840 metroko desnibelarekin. Astigarragatik (Gipuzkoa) igaroko dira lehendabizi, eta Jaizkibel eta Gurutze mendateak igoko dituzte jarraian. Berriro ere Donostiatik pasata, Usurbildik (Gipuzkoa) igaroko dira, Mendizorrotz mendatea igo aurretik. Handik, Donostiara joango dira bueltan, helmuga zeharkatzeko.

Udala, hitzorduarekin eskertuta

Txurruka oso eskertuta agertu da OCETArekin, "Zarautz nazioarteko txirrindularitzaren mapan kokatzeagatik". Halaber, alkateak gehitu du horrelako hitzorduek "lagundu" egiten dietela herriak kirolarekin duen "konpromisoa berresten". Zarauzko etaparekiko "ilusio handia" duela aitortu du Txurrukak, eta esan du herriak "kirolari on asko" dituela, "Usoa Ostolaza, esaterako".

Hori esanda, alkateak herritar guztiak animatu ditu maiatzaren 15ean malekoira, "hitzorduaz gozatzera eta txirrindulariak animatzera". "Poz handiz hartzen zaituztegu gure etxean, bultza dezagun emakumeen txirrindularitza", egin du azpimarra.

Ildo beretik, Illarramendik ere esker hitzak izan ditu OCETArentzat. "Eskerrik asko antolakuntzari gugan jarritako konfiantzagatik. Azken urteetan behin baino gehiagotan elkartu gara hau posible egiteko". Halaber, zinegotziak esan du "apustu izugarria" egin dutela. Ostolazaz ere gogoratu da: "Usoak etxean jokatzeko aukera izatea nahi genuen, eta ea poztasun bat ematen digun zarauztar guztioi".

Riañok ere eskerrak eman nahi izan dizkio Zarauzko Udalari: "Harrera oso ona egin diguzue". Esan du, baita ere, Zarauzko Udalarekin elkarlanean antolatu dituzten proba guztiak "arrakastatsuak" izan direla, eta aurtengoa ere bide beretik joateko nahia adierazi du.

Ez dituzte zehaztu zein talde izango diren proban, baina esan dute guztira hemeretzi izango direla, World Tour eta Pro Team kategorietakoak. Hala, txirrindularien zerrenda zein proben ordutegiak aurrerago zehaztuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide