Iruñeko hilketa matxista salatu dute zarauztarrek

Aritz Mutiozabal 2026ko apirilaren 16a

Hainbat herritar Lege Zaharren Enparantzan, Iruñeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzean. (Aritz Mutiozabal)

Hainbat herritar elkartu da gaur arratsaldean Lege Zaharraren Enparantzan, Zarauzko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioan. Igande goizaldean urruntze agindua ezarrita zeukan gizon batengandik ihesi hildako emakumearen heriotza gaitzetsi dute.

Indarkeria matxistagatik ezarritako urruntze agindua urratu zuen gizon batengandik ihesi zihoala, 37 urteko emakume bat hil zen igande goizaldean Iruñean, eraikin bateko hirugarren solairutik erori ostean. Heriotza salatzeko mobilizazioak deitu ditu aste honetan Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta Zarauzko Mugimendu Feministak ere bat egin du deialdiarekin. Hala, gaur arratsaldean, hilketa matxista salatzeko hainbat herritar elkarretaratu dira Lege Zaharren Enparantzan, Indarkeria matxistari erantzun. Autodefentsa feminista! lelopean.

Ordu laurdeneko mobilizazio isilaren ondoren, Mugimendu Feministako kideek hartu dute hitza. Amorrua eta mina adierazteaz gain, biktimaren senideei eta lagunei elkartasuna nahiz babes osoa adierazi diete. Era berean,  gogora ekarri du urtea hasi denetik Euskal Herrian izandako hirugarren hilketa matxista dela Iruñeakoa. Era berean, gogor salatu dute azken hamar egunetan bi hilketa matxista eta beste hilketa saiakera bat izan direla, eta beste behin azpimarratu dute emakumeek pairatzen duten indarkeria egiturazkoa dela.

"Sistema oso bat dago honen atzetik; zisheteropatriarkala, kapitalista, arrazista eta koloniala dena, eta erailketa guztiekin gertatzen den moduan, inoiz baino agerikoagoak dira emakumeok zeharkatzen gaituzten indarkeria matxistak". Gainera, indarkeria matxistak "aurpegi ugari" dituela zehaztu dute, eta "ez duela modu berean gurutzatzen gorputz oro". Halabere, "arrazakeriak indarkeria areagotzen" duela salatu dute: "Emakume migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe uztera arte. Erregularizazioaren menpekotasuna, eta baliabideetarako sarbiderako oztopoak ez dira kasualitatea: politika arrazisten ondorio zuzena dira".

Iruñeko kasuan, etxebizitza eskubideari eta etxebizitzarako sarbideari ere erreparatu diote. "Ikusi dugu etxebizitza eskubidea merkatu arrazista eta espekulatiboa elikatzeko nola erabili den. Eta guk argi dugu: etxebizitza duinik gabe, ez dago bizitza duinik; eta ez dago indarkeriatik ihes egiteko aukerarik. Prekaritateak ez du soilik pobrezia eragiten: arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du". Era berean, erakundeen aurka ere jo dute, eta "irmoki" salatu dute instituzioen erantzukizun falta. Bide batez, gizonezkoei ardurak hartzeko deia egin diete: "Jakin badakigu, egiturazko arazoa dela indarkeria matxista baina badakigu ezinezkoa izango dela honekin bukatzea gizonek zuen anaitasun eta konplizitate sareekin apurtu arte, egiturara sostengatzen duen pieza zarete".

Mugimendu Feministak autodefentsan jarraituko duela azpimarratu du, "gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten, behar den bezian bestetan salatzen eta kaleak hartzen". Egungo egoera iraultzeko lanean segiko dutela azaldu dute, "denok aske bizi ahal izateko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide