Salberdingo alokairurako etxebizitza babestuetan izena emateko prozesuan, 500 herritar baino gehiagok jo dute Zarauzko Etxebizitza Bulegora. Martxoaren 2tik 20ra izan zuten herritarrek etxebizitza horietan izena emateko aukera, eta tarte horretan joan ziren bulegora, informazio zein laguntza eske.
Hain justu ere, iazko urte bukaeran 92 etxebizitza tasatu eta hiru babes ofizialeko etxebizitzen lehen erabilera baimena eman zuen udalak, eta urte honetako lehen hilabeteetan emango da bukatzear den alokairuko 91 etxebizitza babestuen eraikinaren lehen erabilera baimena.
Etxebizitza bulegoak egunerokotasunean ematen die laguntza zarauztarrei, bereziki etxebizitza gaietan, baina baita eraginkortasun energetikoa lortzera bideratutako obrei ematen zaien diru laguntzen kudeaketan edota udal aparkalekuetako emakidetan. "Etxebizitza bulegotik ematen dugun zerbitzua oso garrantzitsua da", azpimarratu du Garbiñe Oiarbide Zarauzko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak. Gehitu du, urte osoan zehar ematen den laguntza hori "asko" eskertzen dutela zarauztarrek, "baina horrelako momentu berezietan, ahalik eta modu egokienean zarauztarrei arreta egiteko, Etxebizitza bulegoko langileek egiten duten esfortzua benetan eskertzekoa da".
Datozen promozioak
Oiarbidek kontatu duenez, herritar "ugarik" datozen sustapen babestuen inguruko informazioa ere eskatu dute bulegoan. Salberdinen eraikita dauden etxebizitza tasatuak dagoeneko esleituta daudela gogoratu du, eta esan du indarrean eta esleitu gabe dauden promozioak Lanpardo, Amillubi eta Iritako sustapenak direla:
- Lanpardo: 25 alokairu sozialeko etxebizitza, 2027 edo 2028rako. Esleipena baremazio bidez.
- Amillubi: 21 etxebizitza tasatu autobus geltoki berriaren gainean. Zozketa 2026an, bukatuta 2027-28 urteen bueltan.
- Irita: 130 alokairu babestuko etxebizitza eta 100 zuzkidura bizitoki. Jaurlaritzarekin hitzarmena adostuta, baina oraindik sinatzeke.