Donostiako La Salleko ikasle ohiek "egia eta erreparazioa" eskatu dituzte Patxi Ezkiagaren biktimentzat

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 11

Gaur eguerdiko elkarretaratzeko une bat. (EITB)

Donostiako Loiola auzoan elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek gaur eguerdian, La Salleko irakasle ohiak hamarkadetan egindako sexu abusuak salatu eta ikastetxeari biktimen eskaerak onar ditzala eskatzeko. Olatz Mercader zarauztarra da eskaera egina duen biktimetako bat. 

Ez dauka etenik Patxi Ezkiaga La Salleko irakaslearen sexu abusuen biktimen aldeko elkartasunak. Horiek –tartean Olatz Mercader zarauztarrak– erreparazio gisa eskaera zehatzak egin zizkioten Donostiako La Salle ikastetxeari, baina horrek ez zituen eskaerak aintzat hartu, nahiz eta biktimek Arartekoaren laguntzarekin bideratu proposamena. Arartekoak martxoan publikoki salatu zuen ikastetxearen jarrera, eta biktimei babesa adierazi; egun gutxira, Zarauzko La Salle ikastetxeko irakasleek egin zuten elkarreratzea biktimen alde; eta, gaur, Donostiako La Salle ikastetxeko ikasle ohiak izan dira pankarta kalera atera dutenak Loiola auzoko Topoaren geltoki pareko plazan. Mezu argiarekin elkarretaratu dira, Gu biktimekin, eta La Salle? zioen pankartaren atzean. 

Kontzentrazioa ikasle ohi batzuek antolatu dute, baina deialdiarekin bat egin dute Nafarroako Abusuen Biktimen Elkarteak, Lulacris haurren sexu abusuen kontrako elkarteak, Espainiako Justice Initiativek eta Espainiako Haurtzaro Lapurtua Elkarteak. Azken elkarte horretako bozeramaile Ciro Molina elkarretaratzean izan da, eta amaieran hitza hartu du, ikasle ohi batekin batera. 

Elkarretaratzean irakurritako komunikatuan, ikasle ohiek "pitzadurarik gabeko babesa" adierazi diete biktimei, eta gogor kritikatu dute ikastetxeak azken bi urteetan izan duen jokabidea; kaltetuak berriz biktimizatu izana, batasuna ahuldu izana eta benetako erreparazio kolektiboa blokeatu izana leporatu diote. Aldarrikapen nagusien artean, ikastetxeak berehala jarrera aldatzeko, biktimek Arartekoaren bidez planteatutako bost eskaerak bere gain hartzeko eta erreparazio kolektiboko prozesu "zintzo" bati ekiteko eskatu dute. Eta esan dute aldaketa horiek gertatzen ez diren bitartean, erakundeak "zikin eta kutsatuta" jarraitzen duela, eta beraiek antolatzen eta mobilizatzen jarraituko dutela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide