Bihar Martxoak 8 izango da, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Zarauzko Udalak hainbat ekintzez osatutako egitaraua prestatu du egun horren harira. Atzo iluntzean aurkeztu zuten, hain justu, programako lehen jarduera. Latido Mariposas gizarte eta hezkuntza proiektua ezagutarazteko mahai ingurua egin zuten Modelo aretoan, Itziar Prats eta Isabel Martinez egitasmoaren sortzaileekin batera. Solasaldiaren helburua izan zen genero indarkeriari eta indarkeria bikarioari buruz hausnartu eta hitz egiteko gune bat irekitzea. Modelok, ordea, ez zuen betiko itxura izan atzoko jardunaldian. Izan ere, azken asteetan herritarrek beren eskuz egindako tximeletek apaindu zuten aretoa.
Mahai inguruan, aipatu bezala, Pratsek eta Martinezek hartu zuten parte. Herritar gisa aurkeztu zen bikotea, izan ere, herritarren sentimendutik sortutako gizarte erantzukizunak batzen ditu. Indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko beharra dute bi emakumeek, batez ere Pratsek, gertutik bizi duen kausa bat delako. 2018ko irailaren 25ean, bere bi alabak hil zituen haien aitak. Suntsipen hori zerbaiten sorrera ere izan zitekeela sinetsita, bizi izandako esperientziatik eta ezagutzatik abiatuta, elkarrekin gizarte eta hezkuntza proiektu bat sortu zuten, gizarte aldaketa sustatzea helburu duena.
Mahai inguruari hasiera eman baino lehen, Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak hartu zuen hitza. Topaketak ikusarazte, gogoeta, eta batez ere, jarrera ekintza izan nahi dituela azpimarratu zuen zinegotziak, baita gizatasuna tximeleten bidez ehuntzeko aukera ere. "21. mende bete-betean, oraindik badira indarkeria matxistaren mugimendu ukatzaileak. Badakigu emakumeok jasaten dugun indarkeria estrukturala dela, eta ikusten duguna izebergaren punta baino ez dela. Indarkeria mota krudelenetako bat indarkeria bikarioa da, gizonezko batzuek seme-alaben aurka erabiltzen dutena, emakumeari kalte egiteko. Latido Mariposas proiektua, hain zuzen ere, indarkeria hori salatzeko eta gizartea indarkeria hori desagerrarazteko sentsibilizatzeko sortu da".
Zergatik erabili dituzte tximeletak, ordea, arazo hau irudikatzeko? Erantzuna jakiteko, 1960ko azaroaren 25era jo dute. Egun hartan, Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal hil zituzten Dominikar Errepublikan, erregimenari ezarritako inposizioagatik. "Tximeletak" bezala ezagutzen zituen herriak, eta haien hilketak iraultza bati eman zion hasiera. 1960ko azaroaren 25ean, ordea, "tximeleta efektua" gertatu zen, eta gaurko egunera iritsi arte. Tximeleta efektuak, hain zuzen, aldaketa txiki bat mugimendu handi baten jatorria izan daitekeela dio.
Latido Mariposas egitasmoak bi oinarri nagusi ditu. Martinezek, alde batetik, hezkidetzaren arloan egiten du lan. "Beharrezkoa iruditu zitzaidan Azaroaren 25aren, hau da, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuingurua ikusaraztea. Nik beti nabarmentzen dut ez naizela biktima bat, eta ezin dudala imajinatu ere egin biktima izatearen gordintasuna. Hala eta guztiz ere, min ematen dit. Itziarren azalean jarri nintzen, bera ezagutu gabe, eta dagoeneko zazpi urte daramatzagu eskutik helduta, helburu komun baten alde borrokan. Proiektu honen abiapuntua tratu onen eragin eraldatzaile eta sendatzailea ikusaraztea da".
Dagoeneko milaka eta milaka dira proiektu honetan parte hartu duten ikastetxeak, hain zuzen, haurrak balioak lantzen hasten diren lekua. Saioetan, tximeleta bat erakusten zaie, 12 hitzekin osatua: ardatz nagusia errespetua da, eta enpatia, sorodidadea, bakea, aniztasuna, berdintasuna eta ontasuna bezalako kontzeptuak ere lantzen dituzte.
Proiektuak ere badu beste zati "artisau eta sortzaileagoa". Tejiendo humanidad izenburupean, Pratsek ehuntzeko saioak eskaintzen dizkie emakumeei. "Ehun-taldeak emakumeak edozein gairi buruz hitz egin ahal izateko seguru sentitzen diren espazioak dira, eta kezkatzen gaituen horri buruz hitz egiteko eta partekatzeko aukera ematen du".
Izan ere, Pratsek bere dolumina zerbait zentzudunean bihurtu nahi zuen. "Nire bizitza osoan hezkuntzaren arloan aritu naiz, haur eta nerabeen garapenean, zehazki, eta nire bokazioa beti izan da besteei laguntzea. Nire alabak hil ondoren, bizimodu normala egiten saiatu nintzen. Isabel nire bizitzara iritsi zenean, ordea, tximeletaz bete zuen nire egunerokoa. Aurrera ateratzeko, eta zerbaitengatik borrokatzeko motorra eta indarra izan da".
Zer da indarkeria bikarioa?
Indarkeria bikarioa emakumearenganako indarkeriarik krudelenetako bat da, eta datuek gora egiten duten heinean, Martinezek dio sistema "kualifikatu" bat behar dela egoera honi aurre egiteko: "Nire ustez edozein indarkeria mota artatzen eta kudeatzen duen sistemaren barruan dauden pertsona guztien prebentzioan, sentsibilizazioan eta prestakuntzan dago irtenbidea. Artatu behar zaituztenak kualifikatuta ez badaude, nik uste dut prozesua gogorragoa, arriskutsuagoa eta gatazkatsuagoa izango dela".
Nola definitu daiteke, ordea, indarkeria bikarioa? Pratsek genero indarkeria mota bat dela argitu du. "Biktimari min egitea da kontua, gehien maite dituen pertsonen bitartez. Nor dira pertsona horiek? Seme-alabak, gurasoak, lagunak, anai-arrebak... Erasotzaileak ez du arreta familia-eremuan bakarrik jartzen. Gainera, hilketa ez da indarkeria bikarioaren modu bakarra. Indarkeria bikarioa kontzienteki min egitean datza, zuk jakin dezazun kaltea pertsona horri egiten ari zaiola, zu ez zarelako erasotzaileak nahi duena egiten ari".
Beste aldera begiratzea edo isilik geratzea, beste indarkeria mota bat direla ere azpimarratu du bikoteak. "Nik uste dut isilik geratzen direnak, azken finean, konplizeak direla. Hau da, egoera txar baten aurrean emakume edo haur bat sufritzen ari dela ikusten baduzu, neurriak hartu behar dira. Egia da batzuetan pertsonok huts egiten dugula, baina sistemak ere huts egiten du. Ez da hain erraza Poliziak gehiegikeria edo indarkeria kasu batean esku hartzea, pauso asko eman behar baitira, eta errazak ez dira", azaldu du Martinezek.
Bestalde, Pratsen ustetan, "oso konplexua" da, bikitimaren aldetik, indarkeria sufritzen ari dela aitortzea. "Sufritzen duten emakumeei informazioa eman behar zaie. Azken finean, bikote baten barruko bizipenak hainbeste normalizatu ditugu, gertatzen ari den hori normala dela pentsatzen dugula. Eta ez da. Horregatik uste dut garrantzitsua dela txikitatik haurrei irakastea, zein joera diren onargarriak eta zeintzuk ez".
Egoera horren aurrean, konponbidea "gizabanako gisa dugun begirada aldatzea" da Martinezen ustetan. "Feminismoa indartu eta sustatu behar dugu, zer den definituz. Helburua gizarte anitza eraikitzea da, emakumeek eta gizonek espazio bera, eta batez ere, eskubide berdinak izan ditzaten. Eskutik joan behar dugu, eta borroka hau ere gizonekin batera egin beharko dugu".
Tximeletak kalera atera dira
Gaur, aldiz, tximeleta moreek herriko txokoak hartu dituzte, tartean Belauntzaran plaza. Bertan egin dute, hain justu, atzoko aurkezpen ekitaldiaren jarraipena. Gaurkoan, ordea, Pratsek eta Martinezek gonbidatu bereziak ekarri dituzte plazara, herritarrak alaitzeko asmoz.
Hain zuzen ere, Imanol Urbierta Musika Eskolako ikasleek emanaldia eskaini dute, eta ondoren, Pauxa sorginak umorezko bakarrizketarekin girotu ditu ikusentzuleak.
Bazkaria eta karropoteoa, Martxoaren 8ko atarian
Zarauzko Koordinadora Feministak ere egitarau biribila prestatu du Martxoaren 8ari lotuta. Hain justu, hilaren 7tik 11era bitarteko programa osatu du: esaterako, talde argazkia atera eta bazkari feminista egiteko elkartuko dira gaur, eta manifestazioa deitu dute bihar eguerdirako.
