Inauteriak 2026

Koxmeren gidaritzapean hasi da festa

Intza Trula 2026ko otsailaren 14a

Txupinazoa bota du Koxme baleak eguerdian Modelo aretoko balkoitik, inauteriei hasiera emateko. Beranduago, mozorro lehiaketako sari banaketa egin dute Musika Plazan: Bittori's Secret izan da talde irabazlea.

Inauterietako asteburua atzo hasi zen herrian, Galtxagorrien Jaitsierarekin. Gaur eguerdian, berriz, Koxme balea arduratu da mozorroen jaiari hasiera emateaz. Izan ere, jaietako txupinazoa bota du Modelo aretoko balkoitik, herritarrak festara animatuz.

Euriari jaramonik egin gabe, zinema aretoaren inguruan bildu dira hainbat herritar, Koxme noiz helduko zain. Urtero bezala, mozorro koloretsuak eta originalak jantzita atera dira kalera, festaz gozatzeko gogotsu. Aurreikusi bezala, 12:00etan heldu da balea Modelora, Mauxitxa txarangaren doinuek lagunduta.

Balkoira igo, eta herritar guztiak agurtu ditu orduan, eta txupinazoa bota ondoren, goxokiak bota dizkie behean begira zituen haur zein helduei. Horietako askok euriaz babesteko ateratako aterkiak erabili dituzte gozokiok biltzeko.

Mozorro lehiaketa

Jarraian, Musika Plazarako bidea hartu dute guztiek elkarrekin, kalejiran. Mozorro lehiaketa egin dute bertan, eta Zurekin ostalarien elkarteak hainbat sari banatu ditu parte hartzaileen artean. Aurtengoan ez da gazte talderik animatu lehiaketara, eta, horren ondorioz, familia mozorro onenaren bi sari banatu dituzte. 

Hori horrela, epaimahaiak Bittori's Secret kuadrillari eman dio talde onenaren saria. Familia mozorro onenaren sariei dagokienez, Zarautz Zebragarri taldeak eskuratu du bata, eta Korrika taldeak bestea. Banakako sari onena, berriz, Niño Balak irabazi du.

Festak datozen orduetan izango du jarraipena, ondorengo egitarauarekin: 

Honakoa da inauterietako egitaraua:

Gaur, larunbata

  • 17:00. Gazteen topaketa, Zinema pilotalekuan. Lehenengo askaria, eta, ondoren, konpartsa ikustera.
  • 17:30. Inauterietako IX. Konpartsa: Queen, Alde Zaharrean (euria bada, igandean 13:00etan).
  • 19:30. Dantzaldia FAN&GO taldearekin, Musika Plazan.
  • 21:00-00:00. Disko festa DJ Bon-ekin, Zinema pilotalekuan.
  • 23:00. Dantzaldia FAN&GO taldearekin, Musika Plazan.

Bihar, igandea

  • 12:00. Kalejira, herriko kaleetan erraldoi, buruhandi eta Ustekabe txarangarekin.
  • 17:00. KIKO, KOKO eta MOKO pailazoen ikuskizuna haurrentzat, Musika plazan (euria bada, Zinema pilotalekuan).
  • 18:00. Disko festa nerabeentzat, Xaiborekin, Lege Zaharren enparantzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide