Albistegia

Amaitu dituzte Ixpilla aintzirako hobekuntza lanak

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2026ko otsailaren 10a

Klima aldaketak eragindako arriskuetatik eremua babestea izan da esku hartzearen helburuetako bat. Zarauzko Udala "pozik" agertu da aldundiak egindako lanekin. 

Azken hilabeteotan Ixpillako aintziran egindako lanak aurkeztu zituzten atzo goizean Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Zarauzko Udaleko ordezkariek. Zehazki, "klima aldaketak eragindako arriskuetatik babesteko eta, horrela, inguruko biodibertsitatea zaintzeko", aldundiak 2009an eraikitako lubeta berreraiki eta indartu du, eta handitu egin du hezegunearen azalera, eremua babesteko itsas mailaren gorakadatik eta ekaitzen areagotzetik. Aldi berean, lanak aprobetxatu ditu arriskuan dauden espezie botanikoak berreskuratzeko.

Ixpillako aintzira Iñurritzako kontserbazio bereziko eremu (KBE) batean dago, eta aurkezpenera bertaratutako ordezkari publikoen arabera, funtzio ekologiko "garrantzitsua" du hegazti migratzaileen eta bertan negua igarotzen duten beste espezie batzuen atsedenari, elikadurari eta ugalketari dagokienez. Ur gezadun puntu "bakarra" da inguruan, "azken urteetan arriskuan" egon dena itsas mailaren igoeraren eta ekaitzen gorakadaren ondorioz. Horrek itsasoko ur gazia sartzea eragin du, eta aldi berean, "arriskuan" jarri du oreka naturala.

Testuinguru horren aurrean egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak esku hartzea, "espazioa klima aldaketak eragindako arriskuetatik babesteko eta, horrela, inguruko biodibertsitatea zaintzeko". Hain zuzen ere, lanek bi hilabeteko iraupena eta 84.942 euro inguruko aurrekontua izan dute, eta Egokitu babesleku klimatikoak biodibertsitaterako programaren bidez finantzatu dituzte. 

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuaren arabera, Iñurritzako padura lehengoratzeko proiektuaren barruan 2009an eraikitako lubeta harritsu berria ordeztea izan da lanen helburu nagusia, itsas mailaren igoeraren ondorioz "nahikoa ez" zelako jada azpiegitura hori. Azken lanekin, egitura berria inguruko paisaian integratu dute, eta, horri esker, padurak eta duna landaredia lehengoratzeko espazio berriak sortu dituzte. Era berean, hezegunearen azalera handitzea aurreikusten dute, eremuan metatutako sedimentuarekin, eta egokitu egingo dute, ur libreen eremuak eta landaredia baskular azaleratua dutenak birbanatuz. Azkenik, landaredia tratamenduak egingo dituzte, inguruko landarediaren egokitzapena eta oreka bermatzeko.

Arrutik atzoko agerraldian azpimarratu zuenez, "lanek hegaztien habitata hobetzeaz gain, ingurune egoki berriak sortu dituzte arriskuan dauden espezie botanikoentzat". Orokorrean, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak positibotzat jo zuen jarduera, eta adierazi zuen faunarentzat eta landarediaren biodibertsitaterako "funtsezkoa" den babesleku klimatiko bat babesteaz gain, zonaldea garbitu dutela, inguruko aberastasun naturala ezagutzera hurbiltzen diren herritar guztien "gozamenerako" espazio bat zainduz. "Aldundian asko hitz egiten da ongizate integralari buruz, eta hori lortzeko, beharrezkoa dugu gure naturguneak zainduta edukitzea, ez bakarrik gaur egungo gipuzkoarrentzat, etorkizuneko belaunaldientzat ere bai, gure natura hartu dugun bezain ondo uzteko helburuarekin", gehitu zuen beizamarrak. 

Bere aldetik, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eskerrak eman nahi izan zizkion aldundiari Ixpillako aintziran egindako lanengatik. Alkatearen arabera, lehen "sasiak janda" zegoen eremu hori, eta lanei esker "garbi-garbi" ikus daiteke hezegunea. Eta bitxikeria bat ere azaldu zuen: "Hemen inguruko bizilagun batek gelditu ninduen kalean, eta esan zidan etxaurrea ondo baino hobeto ari ginela uzten". Gogoratu nahi izan zuen eremua itxita egongo dela, eta herritarrek, beraz, ezingo dutela bertan sartu, aldundiko teknikariek bakarrik, "eremua zaintzeko".

Onurak, askotarikoak

Aitor Lekuona Gipuzkoako Aldundiko Basa Animalia eta Landareen zerbitzuburuaren arabera, lanen bitartez lortuko da orain arte agertzen ez ziren hegazti espezieak azaltzea, hala nola kopeta zuria edo ipar ahatea. Orotara, 2020-2023 bitartean egindako behaketetan hamar espezie habiagile identifikatu dituzte Iñurritzan, horietatik hiru Euskal Espezie Mehatxatuen Katalogoan "bakantzat" jotzen direnak. Ixpillako aintzira babeslekua da horietako askorentzat. 

Jon Zulaika sail horretako teknikariaren arabera, dauden landareez gain, mehatxupean dauden beste hainbat ere sartu nahi dituzte. Ur gaziak eragiten duen eremuan, zehazki, Limonium humile espeziea landatuko dute, tokiko kontserbaziorako lehentasunezko espezie halofiloa dena eta oso eremu konkretuetan ikus daitekeena. Espezie horren hedapena habitat puntu berriak sortzeari esker lortu da. Barrualdean, aldiz, prozedura bera jarraitu nahi dute Hibiscus Palustris landarearekin. Hurrengo urteetan zehar ikusiko dute landare horiek duten hazkunde jarrera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide