Minbiziaren inguruko sentsibilizazio kanpaina eta tailerra antolatu ditu Irudika LHII zentroak

Aritz Mutiozabal 2026ko otsailaren 4a

AGADELPRISE elkarteko kideak Monte Albertian izan ziren azaroan. (Irudia LHII)

Prebentzioan ON egon proiektuaren barruan egingo ditu bi jarduerak datozen egunotan. Bihar goizean minbiziaren inguruko informazioa banatuko dute ikasleak Lege Zaharren Enparantzan, eta astelehenean, berriz, larruazalaren zainketari buruzko tailerra egingo dute.

Monte Albertian dagoen Irudika LHII lanbide heziketako zentroan Prebentzioan ON egon berrikuntza proiektua garatzen ari dira, minbiziaren prebentzioa, informazioa eta sentsibilizazioa hezkuntzatik eta komunitatetik lantzeko helburuarekin. Proiektuaren barruan, gaixo onkologikoei zuzendutako hainbat tailer egin dituzte azken asteotan; besteak beste, ilea eta buruko larruazalaren zainketari buruzkoak, baita mikropigmentazioari eta automakillajeari buruzko saio praktikoak ere.

Ekintza horien jarraipen gisa, larruazalaren zainketari buruzko tailer berri bat antolatu dute datorren astelenerako, otsailaren 9rako, ikastetxean bertan; saioa goizean izango da, 10:00etatik 13:00etara. Izena aurrez eman beharko da, ikastetxeko 943-89 91 98 telefono zenbakira deituta.

Aurrez, bihar goizean, 11:00etatik 13:00etara, Irudika LHIIko ikasleak Lege Zaharren Enparantzan egongo dira, minbiziaren inguruko informazioa zabaltzen eta herritarren zalantzak argitzen. Minbiziaren arloko hainbat elkartek ere parte hartuko dute jardueran: Minbiziaren Aurka Gipuzkoan, ASGICER, Katxalin eta AGADELPRISE. Herritarrak eta komunitatea sentsibilizatzea, informazio fidagarria eskaintzea eta prebentzioaren garrantzia azpimarratzea izango da egitasmoaren helburua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide