Iñurritzako pilotalekua berritu du udalak

Intza Trula 2026ko otsailaren 4a

Haurrak Iñurritzako pilotaleku berrituan jolasten. (Zarauzko Udala)

Saneamendu eta margotze lanak egin dituzte; orain arte urdin kolorekoa zen pilotalekua, baina azken honetan berdez margotu dute. Orotara, 32.265 euroko kostua izan dute lanek.

Iñurritzako pilotalekuan saneamendu eta margotze lanak egin berri ditu Zarauzko Udalak. Erakundearen esanetan, "askotan" egin dituzte pilotalekua berritzeko obrak, "baina ez dira emaitza onak lortu". Lehengo pilotalekua urdin kolorekoa zen, eta, oraingoan, berdez margotu dituzte hormak.

Horregatik, azken honetan, udalak azterketa eta tratamendu sakonago bat gauzatu ditu, emaitza ahalik eta eraginkorrena izateko. Esaterako, aurretik zegoen pintura guztia kendu eta inpermeabilizazio lanak egin dituzte. Halaber, margotze lanekin hasi aurretik, konponketa lanak egin ziren hormetan. Azkenik, guztia margotu zuten, eta sare berriak ere jarri dituzte.

Brigadaren eta hainbat enpresaren artean gauzatu dituzte egin beharreko lanak, astebeteko tartean. Guztira, 32.265 euroko kostua izan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide