Itsaspeko munduaren edertasuna erakutsiko du Cimasub jaialdiak hilaren 11tik 26ra

Aritz Mutiozabal 2026ko otsailaren 2a

David Sanchez eta Lourdes Anza Cibasumeko ordezkariak eta Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotzia, Cimasub zinema zikloaren aurkezpenean. (Zarauzko Udala)

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa antolatu dute hamaseigarren aldiz, itsas hondoa ezagutarazteko eta itsasoarekiko errespetua transmititzeko asmoz. Ikus-entzunezkoen emanaldiak, erakusketa, Txikizikloa eta Adinzikloa egingo dituzte.

Azaroaren erdialdean Donostiako Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa egin zuten, eta orain, urtero bezala, ziklora aurkeztutako film labur eta dokumental esanguratsuenekin bira egiten ari dira herriz herri. Zarauzko Modelo aretoa birako geltoki finkoetako bat izan ohi da, eta aurten ere, otsailaren 11tik 25era, ozeanoen edertasuna esploratzeko eta bertako sekretuak ezagutzeko aukera paregabea izango da bertan.

Hamaseigarren urtez antolatuko dute Cimasub Zarautz jaialdia, Zarauzko Udaleko Ingurumen sailaren babesarekin, eta egitasmoaren helburu nagusia da itsas hondoa ezagutaraztea eta itsasoarekiko errespetua transmititzea. Horretarako, baliatzen ditu urpekaritza kirola, urpeko irudien teknologia, zinema eta argazkilaritzaren artea eta kultura.

Zentzu horretan, Egia zure begien aurrean leloa jarri diote aurtengo Cimasub jaialdiari, itsaspeko munduaren errealitatea den bezala erakutsi asmoz, inolako artifiziorik eta zientzia-fikziorik gabe. Hala, nazioarteko itsaspeko argazkilariek eta bideogileek haien lanen bidez munduko bazter guztietako itsasoetan nahiz ozeanoetan jasotakoa izango da ikusgai.

Jaialdi lau ataletan banatuta dago: ikus-entzunezkoen emanaldiak, erakusketa, Txikizikloa eta Adinzikloa, hain zuzen ere. Itsaspeko zinema emanaldiak Modelo aretoan izango dira hileko astelehenetan –otsailaren 11n, 18an eta 25ean–, 19:00etan hasita, doako sarrerarekin.  Guztira, nazioarteko hamasei film labur eta bost dokumental eskainiko dituztehiru egunetan banatuta.

Argazki erakusketa zabalduko dute ostiralean, Merkatu plazako lehen solairuan, eta otsailaren 26ra arte izango da ikusgai; astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara bisitatu ahal izango da, eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Mostrak itsas espezie bereziakk eta urpeko paisaiak erakutsiko ditu, ozeanoetako txoko harrigarrienetara bidaiatzeko auakera emanez.

Itsas ingurunearekiko jakin-mina, errespetua eta zaintza ikasleengan sustatzeko, Txikizikloa landuko dute beste urte batez herriko ikastetxeekin. Era berean, tsas hondoek gordetzen dituzten edertasun eta sekretu guztiak hurbilduko dizkie herriko adinekoei eta haien familiei Adinzikloa atalean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide