Maialen Azkue: "Koxme baleari lotutako oroitzapen oso politak ditut"

Intza Trula 2026ko urtarrilaren 31

Maialen Azkue, 'Koxme ameslari' kartelarekin. (Intza Trula)

Inauterietako kartel lehiaketa irabazi du Maialen Azkue zarauztarrak, Koxme ameslari proposamenarekin. 500 euroko saria jaso du Azkuek, eta, horrez gain, inauterietako esku-orriak eta kartelak bere irudiarekin egin dituzte. 

Zarauzko inauterietako egitaraua aurkeztu berri du udalak, eta horiek iragartzeko esku-orri zein kartel koloretsuak banatu ditu. Maialen Azkue zarauztarrarena da diseinua; izan ere, bera da aurtengo kartel lehiaketako irabazlea, Koxme ameslari lanarekin. Programa bere irudiarekin kaleratzeaz gain, 500 euroko saria jaso du Azkuek. Bigarren saria Iñaki Fernandez nafarraren Inauteri garaia proposamenarentzat izan da aurten, baita publikoaren saria ere.

Proposamen koloretsua, eta animaliaz betea. Zergatik?

Koxme balea da erabateko protagonista irudi honetan, eta, hori nabarmentzeko asmoz, bera da animalia guztietatik handiena. Honek arrazoi garbi bat du: oso-oso oroitzapen politak ditut Koxmerekin. Nire haurtzarora narama Koxmek, eta gogoratzen dut nola umeak ginenean gozoki pila bat banatzen zizkigun. Niretzako une magiko bat izaten zen hori, eta sentimendu hori transmititu nahi izan dut nire proposamenean.

Izenak dioen moduan, amets bat irudikatu nahi izan duzu, eta amets horretan badira Koxmez gain animalia gehiago ere.

Inauteriak zertxobait zoroak dira, horrela ikusten ditut nik behintzat. Magikoak ere badira, eta kolore asko dute. Horregatik, Koxmerekin zerikusirik ez duten animalia ugari txertatu nahi izan ditut irudian, zerbait zoroa sortu. Protagonistaren gainean doaz denak, hau amets bat baita, eta dena da posible. Kooreek ere asmo garbi bat dute: alaitasuna ematea.

Animaliek baino protagonismo gutxiagorekin, baina, ertz batean Musika Plaza ere errepara daiteke. Zer helarazi nahi izan duzu horrekin?

Musika Plazaren bueltan beti dago festa eta giro ona, inauterietan barne. Zarauzko herriaren identitatearen parte dela uste dut, eta ezin zuen falta nire proiektuan.

Eskuz egindako marrazki bat da. Zergatik erabaki zenuen irudia modu horretan sortzea?

Diseinatzaile grafikoa naiz, eta nire egunak pantailaren aurrean igarotzen ditut, sormen lanetan. Pantaila alde batera uzteko gogoa sentitzen nuen, eta eskuz zerbait sortzeko, goxotasunez. Betidanik izan naiz eskulanen zalea; esaterako, inauterietako mozorroak etxean egitea gustatu izan zait beti, denda batean erosi beharrean.

Ez da lehiaketa hau irabazten duzun lehen aldia. Urtero animatzen al zara lehiaketan parte hartzera?

Ez dut gogoan zehazki noiz izan zen, baina duela urte batzuk lehen saria eskuratu nuen, eta beste behin publikoaren saria eman zidaten. Ez naiz urtero aurkezten, ideia eta denbora ditudanean baizik. Aurtengo edizioan, egia esan, sorpresaz jaso dut lehen postu hau, oso lan politak aurkeztu baitituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide