Juan Cruz Juaristi erretore zarauztarrak erretiroa hartu du, 93 urte bete berritan. Hain justu ere, Errege egunean, urtarrilaren 6an, eskaini zuen bere ibilbideko azken meza, Elgetan (Gipuzkoa).
23 urtez izan da Juaristi Elgetako parrokoa, baina aurretik urte ugari egin zituen Ruandan. Zehazki, 37 urtez egon zen han, eta 1994ko genozidioa gertatu zenean itzuli zen Euskal Herrira, Ruandatik irteteko agindua jaso baitzuen. Aurretik, gainera, Orioko parrokoa ere izan zen.
Juaristik bere azken mezan aitortu zuen "urte asko baina ondo beteak" izan direla parroko modura bete dituenak. "Oso gustura egon nintzen Orion, nire lehenengo destinoan. Gero, Ruandara joan nintzen, eta oso maitatua eta zaindua izan nintzen bertan. Lan ona egin genuen han", gehitu zuen.