'Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiorekin elkarrizketan' liburua aurkeztuko dute asteazkenean

Intza Trula

Ibaibarriaga, Rubio eta San Martin Zumaian, pasa den urrian, liburuaren aurkezpen ekitaldian. (Maria Maya Manterola)

Bertan izango dira liburuaren idazle Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martin, baita Pello Rubio bera ere. 19:00etan hasiko da saioa, Antoniano aretoan.

Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiorekin elkarrizketan (Elkar) liburuaren aurkezpen ekitaldia egingo dute datorren asteazkenean, hilaren 14an, Antoniano aretoan. 19:00etan izango da, eta liburuaren nondik-norakoak kontatuko dituzte Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martin egileek. Pello Rubio ere bertan izango da, berarekin hitz eginda ondu baitzuten aipatu bi idazleek liburua.

Elgoibarko (Gipuzkoa) Txillarre baserriko sukaldean jazotakoak biltzen ditu liburuak; izan ere, 1999. urtearen bueltan, baserri horretan elkartu ziren hainbatetan Jesus Egiguren eta Arnaldo Otegi politikariak, Rubioren ekimenez. Urrian kaleratu zuten lana, eta orduan San Martinek nabarmendu zuen moduan, "gero bake prozesu bat izango zenaren hazia" da Txillarre baserriko sukaldea: "Pellok bere etxean elkartu zituen elkarren aurka zeuden mundu bi, eta kontakizuna gaur egunera iritsi da orain".

Liburua ez ezik, dokumentala ere grabatu zuten San Martinek eta Ibaibarragak, HP produkzioak taldeko kideekin batera. Dokumental hori ikusteko aukera ere izango da asteazkeneko saioan, hain zuzen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide