Gutuna

Villa Elizabeth: Udalak etxebizitzaren negozioari bide ematen dionean

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialista 2025eko abenduaren 10a

Villa Elizabeth dagoen eremua. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin duen azken aldaketaren harira, Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ondorengo gutuna helarazi du Zarautz Gukara. Kritiko agertu da Villa Elizabeth etxearen partzelan egin den aldaketaren inguruan: 600 metrotik 2.000 izatera pasatuko dira lursail horretako metro eraikigarriak, eta bertan luxuzko 18 etxebizitza eta igerileku bat eraikiko dituzte.

Oharkabean pasa bada ere, berriki udal gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) moldatu du pelotazo urbanistiko bati bide emateko: luxuzko 18 apartamenturi eta igerileku bati, hain zuzen ere.

Baina zer da EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak Villa Elizabetheko jabeekin adostu duena?

  1. Udalak HAPOa aldatu du Villa Elizabeth kokatzen den lursailaren eraikigarritasuna handitzeko: lehen 610 metro koadro ziren eraikigarriak, eta 2.000 bilakatuko dira orain.
  2. Eraikitzeko lur azalera handitzearen helburua da 18 apartamentu eta igerileku bat eraikitzea bertan.
  3. Villa Elizabeth kokatzen den etxearen lurrak, ezin da ahaztu, Iñurritza biotopoari itsatsita daude.
  4. Horren truke, edo, hobe esanda, akordioa justifikatzeko, udalak lur zati bat jasoko du trukean: Zubi Ondo parean dagoen soroa, lehendik ere babestuta zegoena eta eraikigarritasunik ez duena.
  5. HAPOaren aldaketa horrek aurrekari arriskutsu bat ezartzen du, eta litekeena da etorkizunean ere udalak legedia aldatzea antzeko pelotazo urbanistikoak egiteko.

Azaldu diezagutela: norentzako izango dira etxe horiek? Norentzako gune horretan kokatuta dauden eta igerileku bat izango duten apartamentuak? Ezkutatzen saiatu daitezke, baina ezin da ukatu etxe horiek luxuzkoak izango direla, aberatsen kapritxo bat.

Eta noren onurarako da hitzarmena? Noren probetxurako? Udalak adostutako akordioarekin ehunka milaka euro poltsikoratuko dituztenak lur horien jabe den familia eta proiektuan sartutako promotora, eraikuntza enpresa eta abar dira. Negozio paregabea espekulatzaileentzat.

Etxebizitza gehiago eraikitzea guztion onurarako dela salduko digute, gehiago eraikitzeak eskaintza handitzen duela eta horrek prezioak jaisten dituela. Konponbidea, ordea, ez da etxe gehiago eraikitzea; hori arazoaren parte da. Eta irtenbidea ez da etorriko arazoa sortzen dutenen irabaziak handituz.

Erreparatu datuei: Zarautzen, zehazki, 907 etxe huts daude, eta 1.516 bigarren edo hirugarren etxebizitzak dira. Arazoa ez da etxebizitza falta.

Kasu partikular hori, ordea, ez da salbuespen bat: Villa Elizabethen jabeekin egin den akordioak EAJren eta PSE-EEren azken etxebizitza legearen logika bera jarraitzen du. Etxebizitza politika horrek bermatzen duen bakarra da etxe jabeek, errentatzaileek eta eraikuntza enpresek dirua irabazten segituko dutela.

Etxebizitzaren arazoa ez da etxebizitzaren negozioa finantzatuz konponduko. Enpresarien interesei men egiten dieten politikarien eskutik miseria besterik ez da etorriko proletalgoarentzat. Etxebizitza bat, bi edo hiru, luxuzko etxebizitzak eta espekulatzeko aukerak gutxi batzuentzat; miseria gainerakoentzat: gizarte zerbitzuetan murrizketak, aterpetxeen itxiera eta larrialdietarako pisuen falta, besteak beste.

Guk argi dugu: langile klase antolatuak erabaki behar du zer eraikitzen den eta nola banatzen den behar kolektiboen arabera, eta ez gutxi batzuen irabazien arabera. Horretarako antolatu, horrelako kasuak salatu eta gure bizi baldintzen defentsan jardutea dagokigu. Horretan lanean jarraituko dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide