Kalean da Zarautz Guka aldizkari digitalaren bederatzigarren zenbakia. Maider Leturiaga ilustratzailea dator azalean, eta barruan, hari egindako bideo-elkarrizketan, ilustratu berri duen Eraman nazazu zurekin liburuaz, orain arte egin duen bideaz eta etorkizunerako erronkez jardun du zarauztarrak, besteak beste, adimen artifizialaz.
Beste hainbat eduki interesgarri ere biltzen ditu hil honetako aldizkariak; besteren artean, Zarautz Oinarrian proiektua zer den azaltzen duen erreportajea; Marina Agoues futbolari ohi eta tatuatzaileari egindako erretratua; eta Ander Morea argazkilariak enbata egun batean ateratako argazki ikusgarriak. Horiez gain, Imanol Epeldek Santa Barbarara bidean Aner Peritzi bidalitako audio mezua entzungai dago, eta baita beste hainbat iritzi artikulu interesgarri ere.
