Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak bere XXV. Boluntariotzaren Topaketa ospatu zuen larunbatean, Donostiako NH Aranzazu hotelean, hain zuzen ere. Urtero bezala, ekitaldian zehar boluntarioek urte osoan egiten duten lana aitortzen dute, eta horien artean, Maria Rosario Esnal zarauztarra saritu dute.
Enrique Pina elkarteko Kontseilu Exekutiboko eta Elkarteko Boluntariotza Batzordeko kideak, eskerrak eman zizkien boluntario guztiei elkarteari eskaintzen dioten elkartasunagatik. Gainera, boluntario guztiak definitzen dituen hainbat hitz nabarmendu zituen: "Babesa, elkartasuna eta laguntza".
Boluntarioak Gipuzkoan
Elkarteak 600 boluntario baino gehiago ditu Gipuzkoan, elkarteak egoitza duen 7 eskualdeetan.
2024ean 76 boluntario zenbatu ziren Debabarrenean, 94 Urola Garaia-Goierrin, 101 Tolosaldean, 68 Urola Kostan, 152 Donostialdean eta 120 Bidasoan.
Leire Vallespir Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko koordinatzaileak boluntarioek egiten duten lana azpimarratu du: "Elkarteak behar duen guztian erakusten duten prestasuna eta laguntzeko gogoa asko eskertzen dugu". Gainera, keinu txikiekin gauza handiak lortzen direla baieztatu du, eskaintzen duten segundo bakoitzak eragin "oso handia" duelako.