[DA!] tozenak

Lainoetan dago azken erabakia

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 25a

Nerea Loiola Oraire liburua eskuetan duela. (Erein)

Oraire izeneko laugarren eskapu liburua argitaratu du Nerea Loiola idazleak. Aurrez argitaratutako Azken lanhütarra lanaren moldaketa eta jarraipena dela kontatu du, eta genero fantastikotik asko duela. Durango Azokaren atarian, Guka osatzen ari den DAtozenak serieko erreportajea da hau.

Gaztetxoei zuzendutako Oraire lan berria kaleratu du Zarauzko bizilagun Nerea Loiola debarrak (Gipuzkoa), Erein argitaletxearen eskutik. Eskapu bildumako laugarren liburua du, eta aurrekoen egitura antzekoa badu ere, "bat gehi bi" dela adierazi du idazleak. Izan ere, 2019an idatzitako Azken lanhütarra eleberriaren moldaketa jaso du eta, era berean, haren bigarren atala.

"Hasierako asmoa zen nire lehen lanaren bigarren zatia idaztea, baina hura egituratzen ari nintzela, eskapu liburuen proiektuan murgildu nintzen, eta, orduan, ez nintzen inoiz iritsi horretara. Aurten, eskapu liburuari heltzerakoan, bat-batean bururatu zitzaidan agian aukera bat izan zitekeela istorio hura molde horretan kontatzea, baina bigarren zatia ulertzeko, lehenengoa ere ulertu beharra dago. Orduan, editorearekin hitz eta egokitzapena egitea proposatu zidan", zehaztu du Loiolak.

Aurreko liburua irakurri duenari, liburuaren lehen erdia ezaguna egingo zaio, baina ezberdintasunak antzemango ditu oraingo honetan. Irakurri zuen garaian, erabakiak hartuta zeuden, "istorioa berari kontatzen zitzaion", eta kasu honetan, aldiz, "berak erabaki ahal izango ditu gauza batzuk", eman du aldaketaren berri. Gainera, bigarren zatia erabat berria egingo zaio irakurleari, "aurreko istorioaren segida izango baita".

Lehen eleberri hartan euria garraiatzen eta banatzen zuten laino gidariak eman zituen ezagutzera Loiolak, eta batik bat, Oraire izeneko lainoa. Liburu honetan ere pertsonaia bera mantendu du, izenburua ere eman diona. "Eskapu liburuetan protagonista nagusia irakurlea den arren, beste liburuetan ez bezala, honetan badago garrantzi handia duen beste protagonista bat, eta hori Oraire da", egin du azpimarra.

Errealitate fantastikoa

Natura eta euriaren zikloa bete-betean lantzen ditu liburuak. Gaur egun, puri-purian dagoen klima aldaketarekin bat dator gai hori, gainera. "Normalean, liburuak ez ditut tematika jakin bati buruz idazten. Istorio bat bururatzen zait, eta idatzi ondoren konturatzen naiz zeri buruz hitz egin dudan. Azken lanhütarra-ren oinarrietako bat da ingurumena eta larrialdia, eta lan honetan ere heltzen zaio gai horri. Izan ere, laino gidariak dira euriaren zikloa ongi joateaz arduratzen direnak, eta dakiguna da gizakiak hegazkinak sortu zituenetik laino gidariak hiltzen joan direla. Guri klima aldaketa kutsaduragatik dela esan digute, eta hori hala da, baina liburuan planteatzen dena da laino gidariak desagertzen joan direlako ari dela gertatzen", kontatu du idazleak.

Beharbada, beste eskapu liburuekin alderatuta, azken honek dezente lantzen du genero fantastikoa. "Errealitatea fantasiarekin lotzen du, eta sortzen du halako mundu paralelo bat", gaineratu du. "Batzuek esaten didate, liburua irakurri ondoren, lainoei ezberdin begiratzen dietela. Nola ez dakigun benetan zer dagoen hor...".

Eskapu liburuetan erabakiak hartzeko eskatzen zaio protagonistari: irakurleari, alegia. Erabaki batzuk txikiagoak dira, baina beti daude transzendentalagoak diren hautuak. "Kasu honetan, egin dudana da, gaur egungo gizarte indibidualista horri ispilu egite aldera, muturreraino eraman errealitate hori, eta protagonistari zera galdetu: zer uzteko prest zaude ongizate kolektiboaren alde edo mundua salbatzeko?". Jakitun da galdera "oso potentea" dela, barruak inarrosten dituena: "Benetan, guztiok jarri beharko genuke ataka horretan".

Irakurketa aktiboa

Euskarazko eskapu liburuen idazle erreferente bihurtu da Loiola. Duela urte batzuk abiarazi zuen formularekin asmatu egin du, eta arrakastatsu bihurtu da gaztetxoen artean. "Hutsune bat bazegoen, eta horri heldu nion. 80ko hamarkadan bazeuden liburu gorri batzuk, itzulpenak zirenak, baina, ondoren, orain artean, inork ez zuen ezer egin. Ni animatu egin nintzen, zer gertatuko zen jakin gabe, eta 7G udalekuak argitaratu genuenean konturatu ginen, bada, behar zela horrelako zerbait. Izan ere, jendeari pila bat gustatzen zaizkio horrelako liburuak". Ondoren, semeak hala eskatuta, Espaku Txiki liburuekin ere animatu zen.

Azkenean, formula horrek irakurketa aktiboa eskatzen du irakurleen aldetik, jolasaren eta enigmen bidez. "Pentsa daiteke horrek literarioki urrundu egiten duela irakurlea, baina niretzat kontrako efektua lortzen du: erabakiak hartu ahal izateko, enigmak ebazteko eta istorioan egoteko oso irakurketa kontzientea egin behar duzu. Kapitulu bat erdizka irakurtzen baduzu, gero ez dakizu non zauden. Beraz, eskatzen du irakurlea istorioan barneratzea. Nik uste dut horregatik funtzionatzen duela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide