Mugikortasun jasangarria, tantaz tanta hausnartzeko

Ian Ruiz Lizaso 2025eko azaroaren 13a

II. Ttanta Eguna hasi dute Modelo aretoan tokiko politika jasangarriei buruzko esperientziak partekatzeko. Bertan, mugikortasunak, ingurumena eta ekonomia eraldatzeko jokatzen duen rola eta erronkak ere izan dira aztergai.

Elkarrekin mugitu eta espazioa partekatu lelopean ekin diote Ttanta Egunari, aurten, bigarren urtez, Modelo aretoan. Zarauzko Udalak antolatuta, espazio publikoa modu bidezkoagoan, iraunkorragoan eta eraginkorragoan partekatzeko beharrak aztertu dituzte. Parte hartzaileek aukera izan dute esperientziak partekatzeko eta 2030 Agendan zehaztutako helburuak betetzeko. Pilar Kaltzada kazetariak gidatuta, hainbat gonbidatuk hartu dute parte jardunaldian.

Programaren barruan, Garbiñe Oiarbide Zarauzko hirigintza, etxebizitza eta partaidetzaren zinegotziak ongietorri instituzionala egin die bertaratu diren guztiei. Asier Aranbarrik Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntza eta Agenda 2030aren zuzendariak eragile guztien parte hartzea sustatzearen garrantziaz aritu da.

Ondoren, Iosu Arraiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendariari eman diote hitza eta politika publikoetan aditua den Silvia Abascalek ere parte hartu du. Horrez gain, Iker Basurko zinegotziak Zarautz: etorkizunari buruzko ikuspegi berezia proiektua aurkeztuko du.

Jardunaldiarekin jarraitzeko, Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza: erronka partekatua mahai ingurua egin dute, askotariko ahotsak bilduz, hala nola herritarrenak, kolektiboenak eta erakunde publikoenak. Parte hartu duten erakundeen artean daude Soriako Udala (Espainia), Zarauzko Garagunea eta La Salle ikastetxea.

Itxiera, berriz, Virginia Imaz clownak laburtu du egunean zehar jasotako ideien eta proposamenen gaineko ondorioak adieraziz.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide