Aldarriz eta umorez betetako agur goxoa

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 8a

Arantza Arruti ezker abertzaleko militante zarauztarra abuztuan zendu zen 79 urte zituela, eta atzo iluntzean omenaldi hunkigarria egin zioten jendez betetako Musika Plazan.

Batzuk danborrak astintzen, beste batzuk dantzan. Montetxiokoak kantuan, Ainhoa Agirreazaldegi bertsotan eta Gari Berasaluze poesia irakurtzen. Bost emakume, aldarriz betetako hitzartzea gidatzen. Eta, tartean, protagonistaren beraren hitzak: umoretsuak batzuk, sakonak beste batzuk. Irribarreak eta malkoak herritarren aurpegietan, baita besarkadak ere. Eta lore bana, gehienen belarri ondoa apaintzen.

Postal hori utzi zuen atzo iluntzean Arantza Arruti ezker abertzaleko militanteari Musika Plazan egin zioten omenaldiak. Abuztuan zendu zen hori, 79 urterekin, eta atzo agur hunkigarria eskaini nahi izan zioten ezker abertzaleko eta mugimendu feministako kideek eta dozenaka herritarrek.

Danbor doinuekin hasi zen ekitaldia, 19:00etan, taldetxo batek Musika Plazari buelta eman zionean Pantxoa eta Peioren Lepoan hartu ta segi aurrera abestia joz. Montetxio abesbatza hasi zen kantuan segidan. San Kiriko eta Itzaltzuko bardoa abestiak eskaini zituzten, eta bertaratu zirenek hunkituta entzun zituzten kantuok.

Loreak eta iraultza

Belaunaldi desberdinetako ezker abertzaleko eta mugimendu feministako bost emakumek hartu zuten hitza, txandaka, oholtzan. Arrutiren bizitzaren errepasoa egin zuten, batetik –19 urte zituela sartu zen ETA erakunde armatuan eta Burgosko Auzian epaitu zuten, besteak beste–, eta haren pentsamendu eta aldarriak ahots gora esan zituzten, bai hitza hartu zutenek, bai Arrutiren beraren audio zatiak jarrita bozgorailuetatik. Feminismoaz, borrokaz eta plazeraz aritu ziren, besteak beste. Serio, batzuetan, umorez, beste batzuetan, bertaratutakoei malkoak nahiz irribarreak sorraraziz.

Arrutik lore bat eraman ohi zuen beti belarri ondoan, burua apaintzen, eta ekitaldira bertaratu zirenei ere banatu zizkieten loreak, hark bezala, jar zitzaten. Hitzartzean ere, aipamen ugari egin zizkioten atzokoan loreei: "Beste lore baten beharra ere argi ikusi hunan. Lore moreak ere behar ziren arma kanoietan. Hire hitzetan, gizartea matxista zen, ETA matxista zen, ezker abertzaleko egiturak ere matxistak ziren, eta baita emakume gehienak ere. Horrela, 1980ko hamarkadan, hainbat talde feministaren sortze prozesuan parte hartu hunan zuzenean. Iraultza nazionala eta soziala iraultza feministarekin gurutzatu ezean gureak egin duela sinetsita, 'iraultza feminista izango da edo ez da izango' nabarmentzen hunan".

Aldarriak ez ezik, arteak ere toki nabarmena izan zuen ekitaldian zehar: Gari Berasaluze idazleak poema sakon ederra eskaini zion oholtzatik, eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak, bi bertso eder.

Ekitaldiaren bizpahiru unetan igo ziren dantzariak ere oholtzara, lore bana eskuetan, eta amaitu ere, halaxe egin nahi izan zuten omenaldia, dantzan –Arruti bera dantzan ageri zen bideo zatiak erakutsi zituzten pantailan haren hainbat argazkirekin batera– . Hori bai, bukaerako dantza herritarrekin batera egin nahi izan zuten, eta kalejiran aritu ziren. 

Ondoren, Arrano tabernara jo zuten gehienek, Arrutiren alde topa egitera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide