Gasteizko Europa Biltzar Jauregian ospatu den Kide Ugariko Familien XI. Euskal Kongresuan, Zarauzko Udalak XI. Hirukide saria jaso zuen. Sari honek hainbat ekimen eta laguntza-neurriren bidez, familiekin eta bereziki kide ugarikoekin Udalak erakutsi duen konpromisoa nabarmentzen du.
Sari hau emateko arrazoien artean, Zarautz Familia Giroan jardunaldia nabarmentzen du Hirukidek. Familia turismoa sustatzeko Zarauzko Turismo Departamentuak antolaturiko festa honek aurten bere laugarren edizioa ospatu du, herriaz familia giroan gozatzeko ekimenak sustatuz.
Horretaz gain, Zarautzek 2021ean Familiako Turismo Zigilua eskuratu zuen Kide Ugariko Familien Espainiako Federazioaren eskutik, gure herria hondartzaz, naturaz edo gastronomiaz familiarekin batera gozatzeko leku ezin hobea dela aitortuta.