Albokoarekin topa egin, kopak altxatu eta txakolina dastatzen abiatu dute gaur eguerdian Txakolin Eguna Lege Zaharren Enparantzan. Eguraldia lagun, eguerdian hasi da festa, eta, guztira, hamar upategik beraien txakolina eskaini diete herritarrei. Gainera, edariari laguntzeko asmoz, Eusko Labelek haragi pintxoen postua zabaldu du; ilara luzeak egin dira bertan ere, eta batek baino gehiagok errepikatu du mokadutxoa.
Jan-edana izan da gaurko protagonista nagusia, baina oholtza gaineko ekitaldiek ere herritarren arreta piztu dute: izan ere, Txakolin Dantza egin dute Jalgi dantza taldeko kideek, Arrain Zopa kantu taldeak lagunduta. Horrez gainera, Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok bertso sorta eskaini dute.
Zarauzko Udaleko Turismo departamentuak eta Getariako Txakolina jatorri izeneko bulegoak antolatu dute hitzordua, Zurekin Zarauzko ostalarien laguntzarekin. Ondorengoak dira parte hartu duten hamar upategiak: Mokoroa, Akarregi Txiki, Katxiña, Basa Lore, Ameztoi, Talai Berri, Rezabal, Blai, Txomin Etxaniz eta Gaintza. Gainera, haurrei zuzendutako Txermenduaren eXperientzia tailerra ere eskaini du Zurekinek.