Gau Beltza eta Azaroaren 1a

Herri osoa ikaratu du Jalgiren kalejirak

Intza Trula 2025ko urr. 31a, 21:30

Jalgi dantza taldeak laugarren urtez prestatu du kalejira Gau Beltzean, Santu Guztien Egunaren bezperan. Kalejirak Lege Zaharren Enparantzan izan du helmuga, eta bertan agur ekitaldia eta erromeria egin dituzte.

Arratsalde beldurgarria igaro dute gaur Zarautzen. Santu Guztien Egunaren bezpera da, eta Jalgi dantza taldeak antolatuta, Gau Beltza ospatu dute dozenaka herritarrek. Laugarren urtez jarraian prestatu du ikuskizuna dantza taldeak; aurtengoan ere mozorro beldurgarrienak jantzita atera dira kalera parte hartzaileak, eta zenbait herritar ere batu zaizkie festara.

Jalgi dantza taldearekin batera, Alproja eta Zarautztrik taldeak, Motxian-Etxebeltz bertsogunea eta Gurutxurtu aisialdi taldea ere izan dira gaurko ekitaldian. Hala, Santa Klara elizatik abiatu dira Jalgiko dantzariak, Alprojako kideekin batera. Herriko txokoak zeharkatu dituzte, kale bazterretan begira zituztenak ikaratzen, haur zein heldu, gaurkoan ez baita inor libratu. Azkenik, Lege Zaharren Enparantzara heldu dira, eta han amaiera ekitaldia egin dute dantzari, antzezle eta bertsolariek, eta erromeriarekin agurtu dute jaia.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide