"Maskulinitate ereduetan" oinarritu da udalak Azaroaren 25aren harira sortutako programa

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 1a

Ezkerretik hasita, Andrea Loinaz Gaztelekuko koordinatzailea, Irati Baroja Berdintasun teknikaria, Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia eta Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Aurtengo Azaroaren 25eko egitarauak "gizonen hausnarketa sustatzea" du helburu, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna zailtzen duten rol tradizionaletan fokua jarriz.

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak egitarau zabala prestatu du hilabete honetarako, "maskulinitate eredu tradizionalek genero berdintasunari nola eragiten dieten" oinarri hartuta.

"Emakumeok urteak daramatzagu gizarteak guregan ezarritako rolak zalantzan jartzen eta benetako berdintasuna lortzeko beharrezko aldaketak eskatzen. Hala ere, aurrerapauso horiek ezin dira finkatu gizonen parte hartzerik gabe", adierazi du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak.

Halaber, gizonek ere gizartean iraun egiten duten maskulinitate ereduak "berrikusi" behar dituztela azpimarratu du Vazquezek, emakumeekin "harreman berdinzalea ahalbidetzen duten beste eredu batzuekin" ordezkatuz.

Gizonekin hausnarketa hori bultzatzeko, Berdintasun sailetik egitarau zabala eskainiko dute azaroan zehar, herriko kirol klubei, ikastetxeei, gurasoei eta gizarteari zuzendutako jarduerekin, hain zuzen.

Ekintza horietan parte hartu dute "berdintasunaren betaurreko moreak" daramatzaten gizonek eta elkarteek, hala nola, David Pareja aktore eta influencer-ak, Aise eta Piper Txuriak elkarteek, eta Ander Lertxundi psikologoak, Emakundeko Gizonduz programako lankideak, hain zuzen. Jarduera guztiak doakoak dira, eta izen-ematea dagoeneko zabalik da.

Egitaraua

Azaroak 4, asteartea

  • 18:30. Maskulinitatea kirol harremanetan hitzaldia, Ander Lertxundi psikologoaren eskutik. Izena emateko, galdetegi hau bete daiteke.

Azaroak 13, osteguna

  • 19:00. Gure semeak matxistak bihurtzen ari al dira TikTokekin? hitzaldia, David Parejaren eskutik, Modelon. Saioa gazteleraz izango da.

Azaroak 17, astelehena

  • 12:00. Gidoia aldatzea. Material didaktikoen aurkezpena ikastetxeei, Aise Elkartearen eskutik, Emakumeen etxean. Saioa euskaraz izango da.

Azaroak 20, osteguna

  • 19:00. RedNudes antzerkia, Pikor Teatroaren eskutik, Modelo aretoan. Saioa euskaraz izango da.

Azaroak 24, astelehena

  • 18:30. Aitatasunaren erronkak. Maskulinitateari buruzko hausnarketa, Piper Txuriak elkartearen eskutik, Etxezabalan. Saioa euskaraz izango da. Izena emateko, galdetegi hau bete daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide