Villa Elizabeth eremuaren eraikigarritasuna handitzeko Plan Orokorraren aldaketa, aurrera

Intza Trula 2025ko urr. 31a, 14:00

EAJ eta PSE-EE udal taldeko kideak Plan Orokorraren aldaketaren alde bozka ematen, atzo, pleno aretoan. (Intza Trula)

Atzo arratsaldean egindako ohiko udalbatzarrean hartu zuten erabakia, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EH Bildu, aldiz, erabat aurka agertu zen Plan Orokorra aldatzearekin. Luxuzko hemezortzi etxebizitza eraikiko dituzte eremu horretan.

EAJren eta PSE-EEren babesarekin, Villa Elizabeth eremuaren eraikigarritasuna handitzeko Plan Orokorrean aldaketak egitea onartu zuten atzoko ohiko udalbatzarrean. EH Bilduk bere desadostasuna erakutsi zuen hasiera-hasieratik, eta aurka bozkatu zuen. Zehazki, eremu horretan luxuzko hemezortzi etxebizitza pribatu eraikitzea da asmoa; trukean, Zarauzko Udalak 10 mila metro koadroko lursail urbanizaezin bat jasoko du.

Hirigintza eta Partaidetza zinegotzi Garbiñe Oiarbidek zehaztu zuenez, Plan Orokorraren aldaketa honek 2023ko abenduaren 21ean du oinarria. Hirigintza hitzarmen bat sinatzeko prozesua hasi zuten orduan, eta hitzarmen horrek jasotzen zuen Talaimendi eremuko Villa Elizabeth lursailaren eraikigarritasuna handitzea, eta, trukean, udalak 10 mila metro koadroko lursail bat jasotzea. Aipatu lursail hori "eremu urbanizaezin" batean dagoela gogorarazi zuen zinegotziak, Inurritzako biotopoaren ondoan. "Hitzarmenaren onura publikoa justifikatzen du horrek", egin zuen azpimarra.

Hitzarmena 2024ko urtarrilean sinatu zuten udalak eta lurzatiaren jabetzaren ordezkariek, izapidetzeari hasiera emanaz. Ordutik, Plan Orokorraren aldaketa onartzera heldu aurretik, hainbat pauso eman ditu udalak: hala nola plana herritarren aurrean jarri eta beraien iritziak jasotzea, ZHAPO aldatzeko dokumentua idaztea, ingurumen dokumentu estrategikoa aurkeztea eta dokumentu hori ingurumen organoari bidaltzea.

Oiarbideren hitzetan, Plan Orokorraren aldaketak jasotzen duena da zein modutan antolatuko den eraikigarritasunaren handipena: "Villa Elizabeth eraikinak okupatuko duen lurzatiak sestra gaineko 2 mila metro koadroko hirigintza higigarritasuna izango du, bizitegi erabilerarako betiere, eta gehienez ere behe solairua, bi solairu eta teilatua izango ditu. Aldaketak jasotzen du, gainera, bi bloketan eraikitzea".

"Etxebizitza ez da negozioa"

"EH Bildutik ez dugu zalantzarik, ez gaude ados aldaketarekin, eta ez dugu babestuko", zioen Garazi Olaizola zinegotziak hitza hartu berritan. Hark salatu zuenez, 2023ko abenduan egindako udalbatzarrean jasotako informazioa eta gaur egun jasotakoa "oso ezberdinak" dira: "Bere garaian familia baten etxebizitzaren berregituraketa baten modura planteatu zen hirigintza hitzarmena, eta orain planak enpresa pribatu batek luxuzko etxebizitzak eraikitzea ahalbidetuko du, enpresa pribatu baten mesederako, noski".

Ildo beretik eta Oiarbidek esandakoari erantzunez, Olaizolak gehitu zuen trukeak ez duela "inondik inora interes publikoa bermatzen". Izan ere, lurzatia dagoeneko babestua dagoela zioen EH Bilduko zinegotziak, eta, beraz, udalaren eskuetara pasatzean ez dela haren babes maila handituko. 

Hala, Olaizolak irmoki gaitzetsi nahi izan zuen hitzarmena, "batzuen onurarako hirigintza proiektua" dela esanaz, "familia baten eta enpresa pribatu baten interes eta irabaziak lehenesten dituena, beste ezeren gainetik". Zera gehitu zuen: "Guretzat etxebizitza eskubide bat da, ez negozio bat. Proiektu honek ez du etxebizitza eskubiderik bermatzen, baizik eta espekulazio arriskua areagotu".

PSE-EEko bozeramaile Inaxio Illarramendik, berriz, Oiarbidek esandakoa babestu nahi izan zuen, eta positibotzat jo zuen udalak Villa Elizabeth eremuaren jabeekin egindako trukea: "Udalarena izango da ingurumen balio handiko 10 mila metro koadroko lurzatia, euro bat ere gastatu gabe, gurea, zarauztarrona, izango delako".

Halaber, Illarramendik gehitu zuen eraikiko diren etxebizitzak pribatuak izanda ere, "etxebizitza beharra asetzen lagunduko duen" proiektu bat izango dela. "Merkatuan gero eta eskaintza gehiago egon, prezioak jaitsi daitezke", zioen.

Adikizioen plana eta taxien tarifak

Villa Elizabeth eremuaren inguruko Plan Orokorraren aldaketa onartzeaz gain, beste hainbat puntu ere izan zituzten hizpide atzo arratsaldeko bilkuran. Esaterako, Adikzioen prebentziorako V. Tokiko Plana aho batez onartu zuten.

Gizarte Politiketako zinegotzi Jesus Aranaren hitzetan, plana osatzeko prozesua parte hartzailea izan da, eta azaldu zuenez, lau puntu nagusi ditu: portaera osasuntsuak sustatzea eta kontsumoa desnaturalizatzea, osasunaren sustapena egitea, ezagutza zabaltzea eta sare lana sendotzea.

Horrez aparte, auto-taxien 2026ko tarifak ere izan zituzten, eta hauek alderdi guztien babesa izan zuten, eta aho batez onartu zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide