Zarautzen jokatuko dute Euskal Timber txapelketa berritzailearen finala

Mireia Galarza Bastida 2025eko azaroaren 2a

Abenduaren 20an izango da finala, Aritzbatalden. Enborrak motozerrarekin, aizkoarekin eta trontzarekin moztea izango da txapelketaren funtsa.

Mundu mailako hainbat txokotan jokatzen badute ere, lehen aldiz jokatuko dute Euskal Herrian "indarra eta zehaztasuna" nahasten dituen Euskal Timber txapelketa. 

Enborrak motozerrarekin, aizkoarekin eta trontzarekin moztea izango da txapelketaren funtsa, eta bi jardunalditan banatuko dute txapelketa. Azaroaren 15ean ate itxiko kanporaketa jokatuko dute Astigarragan, eta finala abenduaren 20an izango da Zarautzen, Aritzbatalde kiroldegian. 

Zehazki, 25 kirolari ariko dira kanporaketan, tartean Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra. Horietatik 16 sailkatuko dira Zarauzko finalera. Finalean, antolatzaileek azaldu dutenez, "tradizioa, teknika eta indarra uztartuko dituen ikuskizun paregabea" eskainiko dute parte hartzaileek.  

Azken hitzordu horretarako sarrerak, aldiz, azaroaren 6an jarriko dituzte salgai, 16:00etan, webgune honetan

"Milioika jarraitzale"

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, Euskal Timber txapelketa Stihl Timbersport ospetsuaren "anaia txikia" izango da, "nazioarteko fenomeno" bat dena. Horregatik, euskal parte hartzaileez gain, espainiar estatukoak ere izango dira txapelketan. 

Honakoak izango dira parte hartzaileak: Ander Altuna, Borja Fernandez, Dani Vicente, Eloy Corchero, Emilio Garcia, Eneko Saralegi, Haritz Goena, Ibai Soroa, Iker Vicente, Ioritz Gisasola, Jesus Mari Lasa, Unai Valverde, Urtzi Olasagasti, Xabier Zaldua, Joanes Izagirre, Jokin Urretabizkaia, Jon Zaldua, Julen Kamañares, Julen Alberdi, Manuel Fraile, Mikel Agirre, Mikel Larrañaga, Oier Cañamares, Txomin Amundarain eta Ugaitz Mugertza. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide