Albaniako Durres hirian da jada Malen Monasterio ZKE halterofilia taldeko kidea, Europako Junior eta U23 Txapelketari ekiteko prest. Bihar hasiko da txapelketa, eta azaroaren 4ra arte iraungo du. Monasterio 53 kilo azpiko kategorian lehiatuko da, eta alboan izango du Imanol Zulaika entrenatzailea.
Aurkari gogorrak izango ditu Monasteriok datozen egunetan: esaterako, Italiako Celine Ludovica, Errumaniako Alexia Diana eta Greziako Maria Stratoudaki halterofiloak izango ditu aurrez aurre. Zulaika entrenatzaileak azpimarratu du Monasterioren helburua ez dela soilik "marka berriak lortzea" izango, "baizik eta esperientzia irabaztea, Europako mailako erritmoa barneratzea eta sailkapenean ahalik eta postu hoberena lortzea".
Munduko Txapelketan lehiatu zen zarauztarra hilaren hasieran, eta zazpigarren postuan amaitzea lortu zuen, 185 kilo altxa ondoren. Lehen aldia zuen Monasteriok Munduko Txapelketa batean.
Europako Txapelketari dagokionez, interesa duten guztiek zuzenean jarraitu ahal izango dute, Europako Halterofilia Federazioaren (EWF) webgune ofizialean.