Pasa den asteko hilketa matxista salatu du Eusko Legebiltzarrak

Intza Trula 2025ko urr. 23a, 12:45

Eusko Legebiltzarra, gaurko osoko bilkuran. (Eusko Legebiltzarra)

Osoko bilkura hasi aurretik gaitzetsi dute hilketa. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak adierazpen instituzionala irakurri du lehendabizi, eta minutu bateko isilunea egin dute ondoren.

Eusko Legebiltzarrak pasa den asteazkenean Zarautzen izandako hilketa matxista kondenatu du osoko bilkuran. Indarkeria matxista kasuetarako protokoloari jarraiki, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak adierazpen instituzionala irakurri du aurrena, eta minutu bateko isilunea egin dute ondoren, gertatutakoa salatzeko.

Adierazpenaren bitartez, Zarautzen gertatutakoa ez ezik, emakumeen aurkako indarkeria edo sexu bereizkeria guztiak baztertu dituzte. Sexu indarkeria emakumeen eta gizonen arteko "ezberdintasun agerpenik larriena" dela azpimarratu du Tejeriak, eta esan du "ezberdintasunok sorburu dutela botere harremanetan eta emakumeak mendean hartzeko harremanetan".

Irakurketa baliatu dute, gainera, herritarrei "konpromiso pertsonal eta kolektiboak" har ditzaten eskatzeko, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde". Instituzioei, berriz, galdegin die emakumeen aurkako indarkeria "behin betiko" desagerrarazteko "plan integralak" garatu ditzaten.

Gertatutakoa kondenatzeko protesta jendetsua egin zuten pasa den ostiralean Zarautzen. Ehunka lagun elkartu ziren Lege Zaharren Enparantzan, herritar zein eragile, eta manifestazioa egin zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide