PSE-EEk ezagutarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo sailak 10 mila euroko diru laguntza eman dio Zarauzko Udalari, "Urola Kostako Udal Elkarteak 50.000 euroko diru laguntzaren galera konpentsatzeko" helburuarekin. Alderdi sozialistaren esanetan, "oso positiboa" da berria.
PSE-EEren bozeramaile Inaxio Illarramenik esan du "zorionez" Turismo sailak "konponbidea" eman diola "UKUEk sortutako egoerari". Honela egin du azpimarra: "Mankomunitatea osatzen duten bost udalen artean jasotzen duen diru laguntza ekitatiboki banatu du aldundiak, eskualdeko ekonomiarentzat hain garrantzitsua den turismo-estrategia ezartzen jarraitu ahal izateko".
Ildo beretik, turismo arduradun bat izatea "ezinbestekoa" dela iritzi dio PSE-EEk, "proiektuak bultzatzeko, eragileak koordinatzeko eta eskualdeak kalitatezko helmuga turistiko gisa aurrera egiten jarrai dezan ziurtatzeko". Izan ere, Illarramendiren hitzetan, turismoa "funtsezko eragile ekonomikoa" da Urola Kostako eskualdean, eta azpimarratu du turismoaren garapenak bat egin behar duela "jasangarritasun balioekin, ingurunearekiko errespetuarekin eta tokiko komunitatearentzako onurarekin".
Era berean, salatu du Urola Kosta dela turismo arduradun bat ez duen eskualde bakarra, eta lanpostu hori betetzea beharrezkotzat jo du, "udalerrien artean bikoiztasunak saihesteko eta eskura dauden baliabideen kudeaketa eraginkorra bermatzeko". Haren esanetan, "horrela bakarrik lan egin ahal izango da modu koordinatuan".
Halaber, turismo arduradunak "kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka zaindu" behar duela aditzera eman du bozeramaileak: "Eremu guztiek turismo-garapenari etekina ateratzen diotela eta aukerak lurralde osora iristen direla bermatu behar du, desorekarik edo desberdintasunik sortu gabe".