Akelarre: marearen kontra film dokumentala estreinatuko duzue igande honetan Lekeitioko Euskal Zine Bileran. Publikoak izango duen erantzuna tarteko, urduri al zaudete?
Ez nuke esango. Garai bateko jarraitzaile asko ditugu, eta jendeak badu interesa dokumentala ikusteko. Taldearen ibilbide kronologikoa kontatzen dugu ikus-entzunezkoan, 1972tik 2005era bitartekoa, eta 33 urteko historian jarraitu gaituztenak bertan izango dira. Aitzitik, interesa piztuko du bestela ere, Akelarreren ibilia gehiegi ezagutzen ez dutenen artean ere.
Sasoi bateko belaunaldi baten isla ere izango da ikus-entzunekoa, ezta?
Batik bat, euskal dantzaldiek indarra zuten garaiaren isla. Franco hil ondorengo musika plazetan oihartzun handia zuen taldea zen gurea, eta plazak bete egiten ziren. Hori beheraka joan zen heinean, taldearen ibilbidea ere bukatu egin zen. Baina bere garaian Akelarre zen lehena, garrantzitsuena. "Nork jotzen du gaur gauean?", galdetzen zuen jendeak. Pilota partidak ez zeukan garrantzirik, baina dantzaldiak, aldiz, bai. Hori guztia galdu egin zen: plazak husten joan ahala, Akelarre ere amaitu egin zen.
Inork esan al dizue aurkezpenean izango dela edo sarrerak dagoeneko erosi dituela?
Bai, jendea apuntatu da hitzordura. Azken finean, musikari ugari aritu gara urte hauetan guztietan taldean, eta guztion seme-alabak joango dira dokumentala ikustera. Horrez gain, taldearentzat herri garrantzitsuak izan dira Aia, Usurbil [Gipuzkoa] eta Gatika [Bizkaia], eta herri horietako jendeak ere esan digu bertaratuko dela. Lekeitioko zinema aretoak 280 eserleku baldin baditu, erdia baino gehiago dagoeneko beteta egongo dela uste dut.
Igandea izango da egun handia, baina nola sortu zen proiektu hau mamitzeko ideia?
Durangoko [Bizkaia] Bideografik enpresa gurekin harremanetan jarri zen duela bi urte, eta dokumentalaren ideia proposatu zigun. Baimena eman genion, eta gidoia bertako kideek egin dute. Gu jada izan gara aurrestreinaldi batean, eta ikusi ez duenarentzat ezustekoa izango da; izan ere, irudi zaharrak daude, gauza bereziak eta bitxiak, eta euskal musikagintzarekin lotura duen jendearen testigantzak. Nola garatu da proiektua? Taldeko kide bakoitza grabatu gaituzte banaka, baita taldean ere. Nire garaiko irudi asko bildu dituzte, adibidez; ETBn material ugari dago. Izan ere, punta-puntan ibili ginenean, ETBk Galiziara eta beste toki batzuetara bidaltzen gintuen Gabonetako saioak grabatzera. Pena da lehen sasoiko material askorik ez egotea; argazkiak eta badira, baina ikus-entzunezkorik ez. Kanpotik begiratuta, ikusle bezala, kontakizun kuriosoa da.
Atzera begirakoa egiterakoan, sentitu al duzu zirrararik?
Adibidez, Usurbilen filmatzen aritu gara, bertan grabatu genuelako Gauero zuzenean gure zuzeneko diskoa. Lan inportantea izan zen hura, baina ez horren bila joan ginelako. Garai hartan zuzeneko disko gutxi zeuden; Errobik bazeukan, baina antzeko lan gutxi zeuden, eta, beraz, lehenengoetarikoak izan ginen. Ondorengo dantza taldeek disko horretan jo genituen abestiak hartu zituzten beraien errepertorioetarako, eta hori garrantzitsua izan zen. Horregatik egin genuen bisita Usurbilera. Bertan, oroitu genuen nola Madrildik etorri ziren teknikariak grabatzera, nola jarri zen materiala eskola zaharrean, nola zebiltzan lanean Kaki Arkarazo eta hauek IZ estudioan, nola gazte talde batek gaua pasa zuen zaintza lanak egiten... Hor ere pasadizo polita dago, bai.
30 urte pasatxoko ibilbidea ordu eta erdiko ikus-entzunezko batean laburbiltzea ez zen erraza izango, ezta?
Ez. Irudi eder pila bat kanpoan geratu dira. Edonola ere, gidoigileak ahalik eta gauza gehien erakusten saiatu dira, ikuspegi zabalarekin: zer pentsatzen duten teknikariek, bertsolariek, egungo musikariek, jarraitzaileek... Gatibuko Alex Sarduik esaten du tabernara joaten zela eta ea non jotzen genuen galdetzen zuela. Hori guztia txertatuta dago dokumentalean. Oso atsegina da, eta pelikula ziztu bizian pasatzen da, konturatzerako.
Argi dago Akelarre mugarri izan zela euskal musikagintzan, eta Euskal Herriko plaza guztiak alaitu zituela. Agian, euskal kulturak ez dio behar adina aitortza egin?
Nik uste dut dantzaldiek indarra zuten garaiko taldeetan aritu garenok ikur bat dugula gainean. Nolabait ere, badago gutxiesteko joera. Soilik libratu ziren Juan Carlos Perez eta Itoiz; horiek Indar Trabes izan ziren hasieran, eta esamesek diote musika tresnak erosteko aritu zirela plazetan. Tira, gu bezala ibili ziren haiek ere. Badirudi dantzaldietako talde bat gutxiago dela norbere abestiak dituen talde bat baino, nahiz eta guk, Anje Duhaldek taldea utzi ondoren, abesti propioak sortu genituen, moldaketa batzuk salbu. Hala ere, badago plaza taldeak mespretxatzeko joera. Hori jende baten ikuspegia da, eta kritikariek, esaterako, horri heltzen diote, baina niri bost axola!
Dokumental honek dagokizuen tokian jarriko zaituzte?
Bai, nik uste dut baietz. Hiri edo herri txikietan zein auzoetan, plazan beti egoten zen dantzaldia festa egunetan, eta sasoi hartako taldeetan, Akelarre zen lehena, inportanteena, ekipamendu prestatuena eramaten zuena, argiteria gehien zeukana. Ikuskizunari dagokionez, garrantzitsuena zen; ondoren zetozen beste taldeak: Egan, Minxoriak...
Horregatik jarri diozue Marearen kontra izenburua lanari?
Ikus-entzunezko enpresak jarri dio izenburua, baina esanahia bestelakoa da. 70eko hamarkadan hasitako talde batek, oraindik frankismoa bizirik zela, euskaraz kantatu eta plazetan arrakasta lortzea marearen kontra joatea zela islatu nahi du. Guk geurea egin genuen, eta geurea lau ordu eta erdiko errepertorioa jotzea zen. Oinarri hori ere guk jarriko genuen; azkenean, herri guztiek nahi izaten zuten dantzaldia luzatzea eta festa handia izan zela oroitzea.
Orain, birarik ez, baina zinema aretoetan emanaldi dezente iragarri dituzue.
Hogei bat udalek erosi dute dokumentala, datozen hilabeteetan kultur etxeetan eta zinema aretoetan emateko, eta esango genuke martxan jartzeko modua dela; Aian, azaroaren 28an izango da emanaldia, eta Zarautzen, berriz, abenduaren 2an. Ondoren, Zinebi jaialdira igaroko da, eta gero EITBk hartuko du; Primeran plataforman egongo da ikusgai. Hau opari bat da guretzat, azken finean. Akelarreko garaiak apur bat ahaztuta geneuzkan, eta orain dokumental hau egitea eta estreinatzea, bada, oparia da.