Zarauzko Udaleko ordezkariek urgentziazko Bozeramaileen Batzordea egin dute gaur arratsaldean, herriko 53 urteko emakume baten hilketaren harira, eta bilkuran adierazpen instituzionala aho batez onartu dute, "emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpen guztiak" salatzeko. Izan ere, Xabier Txurruka alkateak jakinarazi duenez, hilketa matxista izan da Zarauzko Itsasmendi auzoko etxebizitza batean atzo jazotakoa.
Ertzaintzak arratsaldean kaleratu du Zarautzen emakume baten hilketa ikertzen ari zela zioen oharra, eta testuan ez zuen argitzen hilketaren gaineko xehetasunik. Dena den, udalak baieztatu du hilketa matxista izan dela. Horregatik, bihar arratsalderako, 19:00etarako, elkarretaratzea deitu du erakundeak Lege Zaharraren Enparantzan, eta herritarrei kontzentrazioan parte hartzeko deia egin die.
Bozeramaileen Batzordearen ostean adierazpena irakurtzeko agerraldia egin dute alkateak eta udalean ordezkaritza duten alderdietako bozeramaileek udaletxeko areto nagusian. Testuan jasotakoak irakurri ditu Txurrukak, eta esan du udalak "gaitzespenik gorenena" egiteaz gain, "sumindura sakona" sentitzen duela. Halaber, udalak "laguntza eta elkartasuna" eskaini dizkie biktimaren senideei eta gertukoei, eta esan du erakundeak dagoeneko jarri dituela horien eskura indarkeria matxistaren aurrean arreta eta babesa eskaintzeko zerbitzuak.
Emakumeek jasaten dituzten indarkera matxista guztiak salatu dituzte udal ordezkariek, eta aldi berean, herritarrei gogorarazi diete "gizartean oraindik nagusi diren emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren" adierazle direla halako kasuak eta udala horien aurka dagoela.
Gainera, herritarrei indarkeriaren aurkako borrokan modu aktiboan jokatzeko deia egin diete. Izan ere, beharrezkotzat jo dute herritarrek emakumeen aurkako edozein indarkeria adierazpenen aurrean "jarrera aktiboa" izatea. "Ez dugu onartu behar, ez dugu isilik egon behar, eta gure babesa eman behar diegu indarkeria jasan dutenei; azken batean, banakako eta taldeko erantzukizuna hartu behar dugu eraso matxisten aurrean", esan du Zarauzko alkateak.
Bestalde, Zarauzko hainbat eragilek hilketa salatzeko manifestazioa deitu dute biharko, elkarretaratzearen ondorenerako. 19:15ean hasita egingo dute protesta, udaletxearen aurretik hasita, Erailketa matxistarik ez lelopean.
Erakundeen gaitzespena
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere Zarautzen izandako hilketa matxista gaitzetsi du. Eider Mendoza diputatu nagusiak "bere samin eta gaitzespen sakona" adierazi ditu, eta aldi berean, elkartasuna eta babesa helarazi dizkio biktimaren senideei eta hurbilekoei. Hark nabarmendu duenez, lurraldearentzako "dolu eguna da" gaurkoa, eta ahotsa altxatu behar dela ere esan du, "inoiz baino ozenago", emakumeen aurkako indarkeriak gizartean eta munduan lekurik ez duela berresteko. "Ez gara geldituko erabat desagerrarazi arte", esan du.
Erantzun kolektiboak duten garrantzia ere azpimarratu du diputatu nagusiak, eta gogoratu du emakume bat hiltzen duten bakoitzean nahitaezkoa dela aho batez indarkeria matxista ez dagoela onartzerik esatea; izan ere, emakume guztiek dute askatasunean eta berdintasunean bizitzeko eskubidea. Zentzu horretan, antolatuko diren elkarretaratzetan parte hartzeko deia egin die Mendozak herritarrei.
Matxismoak bere horretan dirauela ere esan du, eta berretsi du "berdintasunik ezak egiturazko sustraiak dituela". Halaber, hark esan du Gipuzkoako Aldundiak erakundeekin, emakumeen kolektiboekin eta mugimendu feministekin batera "etengabe lan egiten jarraitzeko" indarkeria matxista mota guztiak desagerraraztea lortu arte lanean jarraituko duela.
Emakundek ere gaitzetsi egin du Zarauzko hilketa matxista, eta elkartasuna eta laguntza eskaini dizkie hildako emakumearen familiari nahiz gertukoei. Halako kasuetan martxan jarri ohi duen protokoloa martxan jarri duela jakinarazi du Emakundek, eta erakundeko kideek biharko kontzentrazioan parte hartuko dutela adierazi du. Emakundek gogoratu du emakumeen kontrako indarkeria matxista menpekotasunaren eta emakumeen nahiz gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri "latzena eta gogorrena" dela, eta herritarrei ere gertatutakoa gaitzesteko deia egi die. Izan ere, esan du emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko ezinbestekoa dela herritarrek jarrera aktiboa izatea.
Eudelek ere ildo beretik hitz egin du, eta adierazi du gertatutakoak erakundeek nahiz euskal gizarte osoak duela erantzukizuna. Horri lotuta, sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu beharra dagoela adierazi du, batez ere, herritar gazteenei zuzenduta. Eudelek ere bat egin du Zarauzko Udalak biharko deitu duen elkarretaratzearekin.