Malen Agirre: "Abstrakzioaren bitartez irudi figuratiboak sortzen saiatu naiz"

Aritz Mutiozabal eta Usua Garin 2025ko urr. 8a, 09:00

Margotu gabeko irudiak erakusketa ikusgai dago Zarauzko Sanz Enean. Malen Agirre (Oiartzun, Gipuzkoa, 1988) artistak ondu du bilduma, pieza abstraktu bezain koloretsuekin.

Sanz Enea kultur etxean erakusketa zabaldu berri duzu, Marraztu gabeko irudiak izenburupean. Zuzenean margotzera joan zara koadro horietan, ezta?

Erakusketaren izenburuak eta sortu dudanak kontraesana eman dezakete, hasiera batean jendeak pentsa baitezake ez zaiola garrantzirik ematen irudiari. Aitzitik, irudiak txertatu ditut erakusketa honetan, inoiz baino gehiago; izan ere, beste kasu askotan erreferentzia modura izaten dut kolorea, eta hautatutako paleta izaten da prozesuaren oinarria. Kasu honetan, irudia dago lehen planoan, eta zerbait gehiago kontatzea izan da nire asmoa. Obra abstraktuak dira, baina zehaztasun figuratiboak ere antzeman daitezke, hala nola giza irudiren bat edota paisaia bat. Abstrakzioaren bitartez irudia ateratzen saiatu naiz, eta hortik dator izenburua, hain justu ere.

Aurpegiak, paisaiak eta abar ikus daitezke. Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

Obra dezentek osatzen dute bilduma hau; zehazki, 23 mihise eta lau lamina daude ikusgai, eta ezin daiteke esan denekin prozesu bera jarraitu dudanik. Esaterako, batzuetan zerbait figuratiboa oinarri izanda hasi naiz sortzen, nahiz eta ondoren eboluzionatzen joan den; beste batzuetan, ordea, orban batetik abiatu naiz, eta apurka-apurka ondu dut pieza, hark iradokitzen zidanari jarraiki.

Lehen begiradan badirudi haurren margotzeko modua erabili duzula, sorkuntza prozesuaz gozatuz.

Margotzen hasterako nahiko garbi izan ohi dut koloreen paleta, eta hortik abiatzen dut obra. Egia da hasiera horretan asko gozatzen dudala piezaz, baina behin koloreak mihisearen gainean daudenean forma batekin borrokan hasten naiz, jarritako kolore bat estali egiten dut... Askok irudi arinak ematen duten arren, lan asko eta kapa asko dituzte atzean; prozesu luze bat, alegia.

Aretoak lau gela ditu, eta horietako bakoitzean estilo ezberdineko koadroak ikus daitezke. Garai ezberdinetan margotutakoak al dira?

Hasieran banuen piezak garaika sailkatzeko asmoa, baina azkenean ez da horrela izan. Iruditu zitzaigun politagoa izango litzatekeela paleta koloreen arabera banatzea, harmonia bat sortzeko asmoz.

Margolaria izanda, zein da zure sormen zalantza handiena?

Irudia ahalik eta errealena izatea lortu nahiko nuke, abstrakzioa erabiliz. Ez daukat aparteko kezka artistikorik, hau guztia prozesu bat baita, eboluzio bat, eta horretan enfokatuta nago une honetan; hau da, barruak eskatzen didana egiten ari naiz.

Esaterako, piezetan ikus daitezkeen aurpegi edota paisaia horiek dira aipatu helburuaren emaitza, ezta?

Gehien kostatzen zaidana da ezerezetik abiatuta errealitate bat sortzea, eta horregatik ari naiz forma abstraktu horiek errealitatetik ateratzen, atzetik aurrera egiten. Hau da, ikusten eta ezagutzen ditudan errealitateak marrazten ditut lehenik, eta behin hori lortuta, interesatzen zaizkidan formak abstraktu bilakatzen ditut. Adibidez, pieza batean nire seme-alabak antzeman daitezke, gorputzaren forma-eta ikusten da, baina abstraktuagoa izateko beso bat estilo geometrikoa jarraituz egin dut, ondo margotuta aurkeztu beharrean.

Erakusketa bisitatzera datorren ikusleari erakusketa begi zorrotzez errepara dezan eskatu beharko zaio, hala?

Ez du zertan begi zorrotzekin ikusi. Nik nahi dudana da jendeak margolanak ikusten disfruta dezan, eta bisita horretan norberak bere errealitatea eraikitzea. Askotan margolariak asmatzen duen errealitatea bat da, eta ikusleak, aldiz, bestelako zerbait interpretatzen du. Pieza bakoitzak sentipen ezberdinak sorrarazten dizkio ikusle bakoitzari, eta hori da politena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide