Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

Udalaren aitortza jaso du Txikiren familiak, fusilamenduaren 50. urteurrenaren bezperan

Intza Trula 2025ko ira. 26a, 21:45

Xabier Txurruka alkateak pleno aretoan irakurritako adierazpen instituzionalean esan du "berandu datorren adierazpena" dela, eta gaurko ekitaldiarekin Txikiren familiarekin duten "zor morala" kitatu nahi dutela. Perdi Paredes Txikiren anaiak aitortu du familia "minduta" dagoela, eta azken aste hauek "bidegabekoak" izan direla Txikiren memoriarentzat.

Zarauzko Udalak aitortza egin dio gaur arratsaldean Juan ParedesTxiki zenari eta haren senideei. 50 urte beteko dira bihar Francoren erregimenak zarauztarra eta Angel Otaegi nuarbetarra fusilatu zituenetik, eta urtemugaren bezperan, adierazpen instituzionala irakurri dute udaletxeko pleno aretoan. Otaegiren familiak, berriz, atzo jaso zuen aitortza, Azpeitiko Udalaren eskutik.

19:00etan zen hastekoa oroimen ekitaldia, baina Zarauzko Udaleko hiru udal taldeetako ordezkariak zertxobait lehenago elkartu dira Txikiren familiarekin. 18:50 aldera heldu dira senitartekoak udaletxearen sarrerara, eta bertan bildu dira udal ordezkariekin. Bertan izan dira, besteak beste, Xabier Txurruka alkatea, Jesus Arana Gizarte politiketako zinegotzia, Garbiñe Oiarbide Hirigintzako zinegotzia, Inaxio Illarramendi PSE-EEren bozeramailea eta Itziar Murua EH Bilduko zinegotzia.

Udal ordezkariek eta Txikiren senideek elkarrekin egin dute pleno aretorainoko bidea, eta behin bertara iritsita, hiru udal taldeen artean adostutako adierazpen instituzionala irakurri du Txurrukak. Txikiren fusilamenduak bizitzeko eskubidea "urratu" zuela egin du azpimarra berak, "giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak jasotzen duen moduan". Halaber, gehitu du "urraketa larriak" jasan dituzten pertsonek dutela "egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea".

Alkateak gogora ekarri duen moduan, Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortu zituen Txiki eta Otaegi 2012an, "heriotza-zigorra jaso zuten gerra-kontseiluan epaiketa justu baterako eskubidea urratu zitzaielako". Txurrukaren hitzetan, "aitortzazko adierazpen instituzional indibidualizatua" da gaur irakurri dutena, baina aitortu du "berandu datorren adierazpen bat" dela. "Urte luze hauetan erakunde publikoek izan duten ahanztura instituzionalaz gain, garbi dago ez dugula beti jakin izan hiru eskubide nagusien bermatzaile izaten". Horrenbestez, gaurko ekitaldiarekin Juan Paredes Manot Txiki-rekin eta bere familiarekin duten "zor morala" kitatu nahi izan dute.

Txurrukak adierazpen instituzionala irakurri ostean, udal ordezkariek lore sorta bana eman diete Txikiren senideei.

Jarraian, Perdi Paredes Txikiren anaiak hartu du hitza. Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik familiak herritarrengandik jasotako "maitasuna eta babesa" eskertu ditu berak: "Eskerrik asko bihotz-bihotzez Jonen memoria eta askatasun haizea zaindu dituzuenei". Aitzitik, "minduta" daudela aitortu du Paredesek, eta esan du azken aste hauek "bidegabekoak" izan direla Txikiren memoriarentzat. Klase politikoek "eredu" izan behar dutela azpimarratu du, eta azaldu du familiaren ustez Zarauzko Udalak ez duela "egoerak eskatzen zuen mailan jardun".

Amaitzeko, Txiki zenari zuzendu zaio Paredes, eta ondorengoa esan du: "Jon, maite zaituztegunok ez zaitugu ahaztu, gure memorian zaude une oro. Amak urte luzetan babestu zaitu, eta gu ere oso harro gaude zutaz. Zure askatasun haizea hemen dago, gurekin".

Ekitaldia amaitzean, txistularien laguntzarekin Plaza Gorrira joan dira senideak, herritarren ugariren babesean, eta 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketaren bueltan amaitu dute ekitaldia.

Zarauzko Udalaren adierazpena osorik

Ondorengoa da Zarauzko Udalak gaur arratsaldean irakurritako adierazpen instituzionala osorik:

Juan Paredes Manot herri honetako bizilaguna Erregimen Frankistak exekutatu zuen Bartzelonan 1975eko irailaren 27an.

Atxilotu eta berrogeita hamar egunera egindako gerra-kontseilu sumarisimo batek hiltzera kondenatu zuen. Abokatuek lau ordu bakarrik eduki zituzten kausa aztertzeko eta behin-behineko akusazio-idatzia aurkezteko. Auzitegiak dena ezetsi zuen: abokatuek aurkeztutako errekurtso guztiak, proba teknikoak eta zenbait testigantza ere bai. Epaia egun berean eman zen, epaiketaren ondoren. Epaiak ez zeukan ekintza kondenatzailearen indibidualizaziorik, ez eta oinarrian zuen probaren balorazio objektiborik.

Bai epaia bai exekuzioa zalantzan jarri ziren judizialki eta sozialki. Manifestazioak egin ziren epaiketaren prozeduraren aurka, epaiaren aurka eta haren ondorioz erabakitako fusilamenduaren aurka.

Juan Paredes Manot Txiki-ren exekuzioak bizitzeko eskubidea urratzen du, giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak jartzen duen moduan.

Giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsona guztiek dute egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea, halaxe ezartzen baitute 2005eko abenduaren 16an Nazio Batuetako Batzar Orokorrak onartutako oinarrizko printzipio eta jarraibideek: "Giza eskubideei buruzko nazioarteko arauen urraketa nabarien eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien biktimek errekurtsoak jarri eta erreparazioak lortzeko duten eskubideari buruzko Oinarrizko Printzipio eta Jarraibideak".

Memoria publikoaren politika egiteak ondorio bat dakarkio Zarauzko Udalari: bere ekimen guztiak giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak ezarritako printzipio etikoetan egituratuko dira, baita adierazpen hau ere.

Horrenbestez, erantzukizun instituzional horretatik abiatuta, udal honen borondatea da memoria publikoaren politika bat egitea, eta horren bidez egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea betetzea. Eta hori Juan Paredes Manot Txiki-ri egindako aitortzazko adierazpen instituzional honetan gauzatzen da, bere ondare preziatuena kendu ziotelako: bizitza.

Aurrez adierazitakoari herriko testuingurua erantsi behar zaio. Udal honek 2008an Bizikidetza eta Giza Eskubideen Udal Plana onartu zuen. Udalerriak apustu garbia egin zuen oinarrizko zutabe den Bakearen Kulturaren eta Giza Eskubideen Defentsaren alde. Bertan ondorengo balioak azaltzen dira:

  • Giza Eskubideak bere osotasunean, beraien ezagutza, defentsa eta urraketa kasuetan salaketa sustatuz.
  • Kaltearen ordaina, Aitormena, Gizartearen Berradiskidetzea eta biktimizazio egoeren aurrean adostasunak sustatu.
  • Justizian oinarrituriko Bake Kulturaren balioak hedatu, gatazkaren perspektiba sortzaile batetik abiatuz.

Ekintzei dagokienez, 2007an egin ziren terrorismoaren biktimen oroimen eta aitorpenezko lehen ekitaldiak. 2011tik aurrera ekitaldi horietan sartuko dira, baita ere, indarkeria politikoaren biktimak, ahalegin bat egin zelako Zarauzko udalerrian giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten biktima guztien erreparazioa lortzeko.

Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen eta sufrimendu bidegabeen biktimak ebaluatzeko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak sortutako batzordeak 2012an, biktima izaera onartu zion Txikiri, heriotza-zigorra jaso zuen gerra-kontseiluan epaiketa justu baterako eskubidea urratu zitzaielako.

Gaur, Juan Paredes Manoten fusilamenduaren 50. urteurrenean, aitortzazko adierazpen instituzional indibidualizatu hau egingo dugu. Berandu datorren adierazpen bat. Urte luze hauetan erakunde publikoek izan duten ahanztura instituzionalaz gain, garbi dago ez dugula beti jakin izan hiru eskubide nagusien bermatzaile izaten. Horrenbestez, adierazpen honek zera nahi du: Juan Paredes Manot Txiki-rekin eta bere familiarekin daukagun zor morala kitatu.

Aipamen berezia egiten diogu bere familiari eta jasan duen sufrimendu gehigarriari. Familiarengana hurbildu nahi dugu erantzukizunez, egiaz eta enpatiaz.

Gure nahia da adierazpen hau ahots politiko guztien adierazle bateratua izatea, Juan Paredes Manot Txiki-ri egindako injustiziaren aurrean elkartasun eta gizatasun adierazpen bat izatea, eta, erakunde publiko bezala daukagun erantzukizunetik, aitortza eta erreparazioa lortzeko gogoeta bat izatea.

Eskubideak errespetatuz eta urraketak baztertuz eraiki behar da memoria. Horregatik Udal honen nahia eta konpromisoa da lanean jarraitzea zarauztarrok gure antzinako eta iragan hurbileko historiako edozein unetan jasandako urraketa guztiak aitortu eta erreparatzeko.

Iraganak ezin du aitzakia izan bizikidetzaren bidea ez egiteko. Espero dugu jokabide horrek bakearen eta giza eskubideen kultura sustatzea, eta oinarri sendoak finkatzea Zarautzen bakezko eta bizikidetzazko etorkizun bat eraikitzen jarraitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide