Borroka antifrankistarekin lotutako auzietan lanean aritu zen Miguel Castells (Busturia, Bizkaia, 1931). Juan Paredes Manot Txiki-ren abokatua izan izan zen. "Epaiketa guztiz sumarioak hiltzeko tresnak ziren, abokatuok jartzen gintuzten instrumentu horren zerbitzura bermearen itxura emateko".
Txikiren abokatua izan zinen.
Bai, bere ama Antonia Manot, Aurrera jatetxeko Juanita eta Moreno Bergaretxe Perturren izeba etorri zitzaizkidan bulegora Txikiren abokatu izan nendin eskatzeko. Txikik bazituen Bartzelonako aferaz gain beste bi Euskal Herrian. Justizia militarra zela-eta beharrezkoa zen edozein unetan aurkeztu zitezkeen abokatuak ere egotea, eta horregatik eskatu genien Bartzelonako afera horretan Magda Oranich, Marc Palmes eta Olivares abokatu katalandarrei ardura zitezela haren defentsaz. Gu topera genbiltzan, eta ezin genuen edozein unetan Bartzelonara joan.
Heriotza-zigorra eskatu zioten FRAPeko kide baten abokatu ere izan zinen.
Frankismoak hainbat heriotza-zigor eskatuak zituen, eta niri Madrileko abokatu gazteek deitu zidaten. Espainiako Alderdi Komunistak bere inguruko abokatuei FRAPeko kideen aurkako bi epaiketa guztiz sumarioetan ez parte hartzeko kontsigna emana zien. Abokatu gazte hauentzat heriotza-zigorra eskatzen zen lehen auziak zirenez, laguntza eskatu zidaten. 'Eta, noski, hainbat pertsona hil nahi dituzte, eta bost axola horien ideologia zein den, estatu faxistaren aurkako borrokalariak dira, oker egon edo ez, ez zait piperrik axola, ez da nire afera, ezin diot ezetzik esan, eta banoa', epaiketa guztiz sumarioak hiltzeko tresnak baitziren, abokatuok jartzen gintuzten instrumentu horren zerbitzura bermearen itxura emateko, jakina denean ez dagoela zereginik. Vladimiro Fernandez Tovar FRAPeko kide bilbotarraren defentsa hartu nuen nire gain. Ideologien gainetik biak ginen euskal herritar.
Fusilatu bezperan elkartu zinen Txikirekin.
Bai, behin bakarrik egon ginen aurrez aurre. Eta orduan izan zen, fusilatu zuten bezperan. Gainean neraman liburutik orri bat erauzi eta boligrafoarekin batera abokatuekiko harremanetan dokumentuak sinatzeko zegoen leiho txikitik eman nion bere azken mezua idatz zezan. Funtzionarioa bere joan-etorrietan zebilen bitartean nik esaten nion Txikiri noiz gelditu eta noiz jarraitu idazten.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean.