Viktoria Eugenia antzokia Euskal Zinemaren Gala Handiaren lekuko izan da gaur. Ezbairik gabe, Donostiako Zinemaldiaren barruan ospatutako ekitaldian, Telmo Esnal zarauztarra izan da protagonista nagusietakoa; izan ere, Zinemira jaso du zarauztarrak, Asier Altuna bergararrarekin batera.
Aupa Etxebeste! filmaren zuzendariek ikus-entzunezkoak hogei urte bete dituenean jaso dute aitortza, Iban Garate eta Ramon Agirre aktoreen eskutik. Aktoreen hitzetan, "euskaldun guztion imajinarioan iltzatuta geratu zen lana" izan zen Aupa Etxebeste! komedia.
Saria jaso berritan, Esnalek palestinar herriari "elkartasuna" erakutsi nahi izan dio: "Ea tantaz tanta lortzen dugun itsaso handi bat egitea genozidio hau gelditzeko". Jarraian, bi zuzendariek Aupa Etxebeste! filmeko lantalde guztiari eskaini diote Zinemira saria, eta senideak eta lagunak ere izan dituzte gogoan.
Altunak azpimarratu duenez, "euskal zinemaren bilakaera" saritu dute gaurko ekitaldian, eta esan du bide horretan "hainbat lagun" izan dituztela: "Film laburrak egiten hasi ginen lantalde gazteaz gogoratzen naiz gaur hemen". Era berean, eskerrak eman dizkiete Kimuak programari, EITBri, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Donostiako Zinemaldiari eta erakundeei, "euskal zinemagintza bultzatzeko" egiten duten lanagatik.