Zinemira saria jasoko duzu Asier Altunarekin batera aurtengo Donostiako Zinemaldian. Harridura, sorpresa, ohorea… Sentimenduen mosaiko bat izan al da?
Denetarik pixka bat izan da, egia esan. Deitu zigutenean, martxoa aldean, shock-ean geratu nintzen apur bat. Oraindik ere nahiko goiz ikusten nuen halako omenaldi bat, baina, bestalde, aitortza bat da euskarazko zinema egiten hasi ginen garaiari. Ez bakarrik Aupa Etxebeste!-ri, baizik eta Txotx! gure lehen film laburra egin genuenean hartu genuen erabakiari, hau da, zinema euskaraz egitearen hautuari. Azken finean, errekonozimendua horri dela uste dut, euskaraz egiteari, eta, alde horretatik, eskertuta gaude.
Aupa Etxebeste! filmaren 20. urteurrenean dator aitortza. Aitzakia perfektua bilatu dute antolatzaileek, ezta?
Aitzakia polita da, bai, eta oso pozik hartu dugu biok. Hasieran zera pentsatzen duzu: «Hogei urte dira, itxarongo duzue 25 urte bete arte, ezta? Horrela jubilazioarekin lotzeko». Bromak aparte, aitortza ederra da, eta hogei urte igaro direla pentsatze hutsak ere sorrarazten dizu halako zirrara bat. Ematen du errespetu txiki bat, bai.
Pelikula hura mugarri izan zen euskarazko zinemagintzan, eta publikoak oldean erantzun zuen. Arrakasta itzela izan zuen zinema aretoetan, baita sariketetan ere; besteak beste, Goya sarietarako izendatua izan zen. Nola oroitzen duzu garai hura?
Guk ez genuen ezer espero. Zinema euskaraz egin nahi genuen; hemen bizi eta lan egin nahi genuen, eta hori izan zen gure apustua. Zorte handia izan genuen, garai hartan Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Telebistak apustu egin zutelako behingoz euskarazko filmak egitearen alde, eta guk bageneukan ordurako gidoi bat prestatuta. Horregatik izan zen gure lehen pelikula. Gure asmoa beti izan da film duinak egitea, ahalik eta onenak, jendea pantailara harrapatuta gera dadin. Azken finean, gure lana horixe da, eta ikusteak filmak ondo funtzionatu zuela eta denboraren iraganari horren ongi eutsi diola, bada, jarraitzeko indarra ematen dizu, eta horretan dihardugu gaur egun ere.
Zinemaldiak beste aitortza bat ere egingo du, 80ko hamarkada erdialdean egin ziren euskarazko Hamaseigarrenean aidanez, Ehun metro, Zergatik panpox eta Oraingoz izen gabe filmak zaharberrituta emanez. Pelikula haien eta zuenaren artean izan zen halako hutsune luze bat, ezta?
Zorte hori ere izan genuen; hau da, jendeak zinema euskaraz ikusteko gose hori bazeukan berriz ere. Egia da garai batean lau film horiek egin zituztela eta gero eten nahiko luzea egon zela. Bitarte horretan, Altunak eta biok, baita zuzendari askok ere, Madrilera joan behar izan genuen lanera. Gu Aupa Etxebeste!-ri esker itzuli ginen. Onartu behar da faktore askok egin zutela bat une hartan: jendea gogoz zegoen, filma gustatu egin zen, eta, nolabait esateko, halako fenomeno bat bilakatu zen. Mundu guztiak ezagutzen duen izenburu bat da gaur egun Aupa Etxebeste!; agian batzuek pelikula ez dute ezagutzen horrenbeste, baina hemendik kanpo ere onarpen handia izan zuen lanak.
Donostiako Zinemaldiarekin lotura hertsia izan du hasiera-hasieratik. New Directors sailean aurkeztu zenuten filma, eta Anjelica Houstonek Gazteriaren Saria eman zizuen!
Harrigarria izan zen haren eskutik saria jasotzea! Guk pelikula egin genuen, eta esan ziguten Zinemaldian aurkeztuko zutela. Askotan pentsatzen duzu hori guztia normala dela, film bat egin eta Zinemaldian estreinatzea, baina ez da hain erraza, eta gu hasiberri batzuk ginela iritsi ginen hara. Tira, esan beharra dago gure aurreko film laburrek sari dezente lortu zituztela, toki askotan, baita nazioartean ere, eta, hein batean, pentsatzen dut Zinemalditik ere espero zutela taxuzko zerbait gugandik. Nolanahi ere, guretzako sekulakoa izan zen Donostian aurkeztea, saria jasotzea eta, ondoren, Goya sarietarako izendapena jasotzea [zuzendari berrien atalean izendatuta egon ziren]. Gure asmoa zen istorioak kontatzea, lagunarte giroan, elkarrekin oso ongi pasatzen dugulako, eta hori izan da beti gailendu den helburua: ongi pasatu filmak egiten, eta jendeari eman espero duena baino gehiago ahal bada.
Aupa Etxebeste!-ren aurretik zuek jada irabazita zeneukaten izen eta izan bat Txotx! eta 40 ezetz film laburrekin. Antzematen zen zuen ukitu bihurri hori.
Bageneukan geure estiloa eta umorea, nahiko beltza zena. Aupa Etxebeste!-k ere badu hortik, eta gerora etorri zen Urte berri on, Amona!, berriz, are beltzagoa da oraindik. Altunak eta biok oso ongi egiten dugu bat, antzeko ikuspegia dugu eta geure buruaz barre egitea asko gustatzen zaigu, eta, azken finean, hortik ateratzen dira istorio horiek.
Belaunaldi baten ikuspegia ere izan liteke? Adibide bat jartze aldera, Alex de la Iglesia aipa daiteke.
Egia esan, nik egin dut lan Alex de la Iglesiarekin; Altunak, berriz, Julio Medemekin eta Juanma Bajo Ulloarekin. Lehen aipatu dudanean Euskal Herrian zinemagintza eten egin zela eta zuzendari denek Madrilera joan behar izan zutela, horietaz guztietaz ari nintzen. Baita Daniel Calparsoroz edo Enrique Urbizuz ere. Jende horrekin lan egin dugu eta haiengandik ikasi ditugu gauza asko, noski. Haien ondoan egonda, ikaskizun asko ateratzen dituzu, eta hortik zorrozten duzu zure ikuspuntu filmikoa. Lagungarria izan da guretzat teknikari gisa haien ondoan haztea.
Bestalde, askotan pentsatu izan dut teknikari izateak moztu izan digula fantasia hori. Alegia, badakigu zenbat kostatzen den gauza bakoitza, eta oso lurretik hartu ditugu geure proiektuak, zuhurtzia gehiagorekin.
Une honetan, Altuna-Esnal binomioa etenda dagoela dirudi. Bakoitzak bere bideari ekin dio, proiektu pertsonalagoak landuz; zure kasuan, Dantza eta Urtzen lanak.
Hala da, baina, halaber, hartu-emana izaten jarraitu dugu elkarren arteko proiektuetan. Gaur egun, Karmele filmarekin [Asier Altunaren azken filma] jada ez, zeren ni beste prozesu batean nago... Baina momentu batean erabaki genuen bakoitzak bere bidea egitea: nik gauza batzuk nahi nituen kontatu eta berak beste batzuk. Nolabait ere, aldendu nahi genuen Aupa Etxebeste!-ren zigilu horretatik, eta zerbait ezberdina egin. Nik, nire aldetik, behar bat baneukan dantzarekin zerbait egiteko, eta Koldobika Jauregirekin berriketan sortu zen ideia. Oso film pertsonala izan zen, ondoren ondutako Urtzen bezala.
Berriro elkartzeko aukerarik egongo litzateke?
Printzipioz, saria jasotzeko elkartuko gara, eta ez da gutxi! Baina momentuz ez daukagu ezer esku artean, eta niri dagokidanez, bada, berriz hasi naiz idazten. Nahiko geldirik egon naiz azkenaldian, erabaki pertsonalengatik, eta orain proiektu berri batekin hasi naiz, baina astiro-astiro. Altuna, aldiz, buru-belarri dabil lanean, geratu gabe. Momentuz, beraz, ez gaituzte elkartuko, Aupa Etxebeste!-ren hirugarren atala filmatzen ez badugu.
Eta hori posible al da?
Beno, ez dakit... kar-kar-kar!
Hemendik hogei urtera?
Auskalo!