Gutuna

Zarauzko Osasun Zentroan pediatra euskaldunak nahi ditugu

Zirika, Zarauzko euskara elkartea 2025ko ira. 19a, 09:57

Zarauzko anbulatorioa. (Guka)

Zirika euskara elkarteak Zarauzko Osasun Zentroko pediatria sailean euskararekiko dagoen hutsunea eta gabezia salatu du gutun honen bitartez.

Zarauzko Osasun Zentroan pediatra berria izendatu dela-eta gure haserrea adierazi nahi dugu adierazpen honen bidez. Izan ere, Jose Cruz Bastidaren heriotzaren ondoren, haren ordez jarri duten profesionalak ez du euskarazko gaitasunik. 

Hori horrela, lehenengo eta behin gure doluminak adierazi nahi dizkiogu bere familiari eta eskertu nahi dugu urte hauetan guztietan egin duen lana. 

Egoera berriaren aurrean honako hausnarketa egiten dugu:

- Zarautzen, herritarren %73 euskalduna da, eta haurren %96. Ulertezina iruditzen zaigu Zarautz bezalako herri euskaldun batean familiek eta haurrek arreta ezin euskaraz jaso ahal izatea. 

- Hizkuntzaren eta osasungintzaren kalitateak lotura zuzena dute: konfiantza, hurbiltasuna eta ulermena ezinbestekoak dira, eta hori guztia bermatzea funtsezkoa da kalitatezko zerbitzua emateko.

- Zarauztarrok euskaraz bizi nahi dugu eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugu, baita osasun arloan ere.

- Gure herriko haurrei bermatu behar zaie euskaraz bizitzeko aukera, eta ezin dira bigarren mailako herritar bihurtu.

Horregatik, Zirika Euskara Elkarteko kideok egoera hau salatzen dugu eta dei egiten diegu herritar guztiei pediatra euskalduna eskatzera. Ez dezagun onartu gure hizkuntza eta gure eskubideak berriro bigarren mailara baztertzea.

Gure herrian, euskaraz bizi nahi dugulako.
Gure haurrek euskaraz artatuak izateko eskubidea dutelako.

Pediatra euskalduna orain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide