Ernaik agerraldi jendetsua egin du Zarautzen, irailaren 14ko mobilizaziorako deialdia eginez

Aritz Mutiozabal 2025ko ira. 4a, 15:45

Ernaik Munoa plazan egin duen agerraldia. (Ernai)

Ekin eta bultza askatasunera lelopean, martxa nazionala egingo du Donostian, Kontxako bigarren igandean. Gazte antolakundeak aurreko belaunaldiaren "lekukoa hartu" eta "Euskal Herria askatasunera eramateko bultza egiteko ordua" dela aldarrikatuko du.

Ernaik mobilizazio nazionala deitu du irailaren 14rako, Donostian, Ekin eta bultza askatasunera lelopean, eta horren berri emateko ehundik gora gazte elkartu dira gaur goizean Munoa plazan. Donostiako estropaden bigarren igandea baliatuko dute horretarako, eta 13:30ean jarri dute hitzordua, Bulebarrean hasita.

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren atarian, memoria ariketa egingo dutela azaldu dute gaurko agerraldian, baina batez ere, aurrera begira; izan ere, "aurreko belaunaldiaren lekukoa hartu" eta "Euskal Herria askatasunera eramateko gazteek bultza egiteko garaia" dela aldarrikatu dute. Haien esanetan, "Euskal Herriaren independentzia da zapalkuntzarik gabeko herria eraikitzeko bide bakarra".

Gazte antolamenduaren iritiziz, "aurrerapauso" bat emateko unea da. Nazioartera begira jarrita, "sistema kapitalistaren azken hamarkadetako ereduaren agorpena eta agertoki bortitzago baten hasiera" dela dio. Ildo horretatik, "gazte eta oro har herri sektoreak zanpatu eta are babesgabeago utziko dituen olatu oso bat" datorrela ohartarazi du.

Era berean, Euskal Herriaren biziraupena kolokan ikusten du Ernaik, euskararen aurkako oldarraldi oso bat martxan dagoela zehaztuz. "Herri honek ezker eskuin astinduko duen bultzada berri bat behar du. Garaiko horren neurrikoa. Bizi ditugun garaitan gazte zapaldurik biziko ez den jendartea eraiki eta gure herriaren biziraupena bermatzeko bide bakarra independentzia delako. Ez dago besterik. Eta gazteok prest gaude gure herriak behar duen bultzada berri hori eragin eta askatasunaren aldeko borroka muturreraino eramateko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide