Agur bero eta jendetsua egin diote Arantza Arrutiri

Maria Maya Manterola 2025ko abu. 31a, 16:00

Beilatokiaren kanpoaldean agur ekitaldia egin dute eguerdian, eta bertan elkartu dira senitartekoak, militantzia kideak, lagunak eta Euskal Herri osotik gerturatutako jendea. 

Herenegun zendu zen Arantza Arruti militante abertzale eta feminista. Hura agurtzeko ekitaldi jendetsua izan da gaur eguerdian Zarauzko Memora beilatokiaren kanpoaldean, eta bertan bildu dira Arrutiren senitartekoak, militantzia kideak, lagunak eta Euskal Herri osotik gerturatutako jendea. 

Arruti agurtzeko irakurri duten testuan nabarmendu dute garesti ordaindu zuela Francoren diktadurapean egindako borroka armatuaren aldeko hautua: kartzela eta tortura ezagutu zituen 20 urterekin, eta zortzi urtez egon zen preso Iruñean, Martutenen, Alcala de Henaresen, Puerto de Santa Marian eta beste zenbait presondegitan.  

Arrutik borroka feministari egindako ekarpena gogorarazi dute Bilgune Feministako kideek, bestetik. "Herri zapaldu bateko langilea eta emakumea" izanik, hiru aldiz errebelde izatea erabaki zuela nabarmendu dute. 80eko hamarkadan hainbat talde feministaren sortze prozesuan parte hartu zuen Arrutik, Aizan talde aitzindarian, besteak beste, eta azaldu dute sinesten zuela iraultza nazionala eta soziala iraultza feministarekin gurutzatu beharra zegoela ezinbestean. 

Ekitaldian parte hartu dute, Bilgune Feministako kideez gain, Montetxio abesbatzak, Eusabio Lasartek, Iñigo Manzisidor Mantxi-k eta Jon Maiak. 

Itsaso zuen guda izena Arrutik, eta hala agurtu dute: "Ohorea izan dun hi ezagutzea. Noizbait eta nonbait hire bidelagun izatea. Eskerrik asko eman digun guztiagatik. Adiorik ez, Arantza. Agur eta ohore, Itsaso". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide