Arantza Arruti Odriozola zendu da, ezker abertzaleko militante eta feminista zarauztar beteranoa, 79 urte zituela. Jone Dorronsororekin batera, ETAko lehen emakume liberatua izan zen eta Burgosko Auzian epaitutako kideetako bat.
Gaztetatik izan zuen Francoren aurkako ideologia, eta 19 urte zituela sartu zen erakunde armatuan. 1969ko azaroaren 10ean atxilotu zuten Iruñean Gregorio Lopez Irasuegi bikotekidearekin batera; azken hori aske utzi zuten haren kontrako kargurik ez zutelako. Atxilotu zutenean haurdun zegoen Arruti, eta sufritu zituen torturen ondorioz umea galdu zuen.
Urtebete geroago Burgosko Auzian epaitu zuten; auzitegi militar batek ETAko hamasei kideri egindako epaiketa izan zen hura, eta, Euskal Herrian, Espainian eta nazioartean oihartzun handia izan zuen. Kide gehienei zigor gogorrak jarri zizkieten, baina Arruti absolbitu egin zuten; 1974an utzi zuten aske.
2015eko azaroan Berriari eskainiko elkarrizketan ondorengoa azaldu zuen: "Nik lau sumario nituen, baina guztiengatik epaituta nengoen ordurako. Kartzelan, krisia izan nuen, eta tratamendu psikiatrikoan egon nintzen. Neska horrek badu nahikoa, esan zuten, eta, gainera, horrek justizia itxura egiteko aukera ematen zien".
Kartzelatik atera ondoren, ez zuen alboratu bere militantzi sena eta politikagintzan jarraitu zuen ezker abertzalearen barruan. Besteak beste, 1998an Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztu zen Euskal Herritarrok alderdirekin eta EH Bilduko Gipùzkoako zerrendan joan zen 2015ean. Era berean, mugimendu feministetan buru-belarri aritu zen: Aizan lehen erakunde feministan eta Bilgune Feministan, esaterako.