GUTUNA

Ekin eta bultza, oroimenetik askatasunera

Zarauzko Ernai 2025ko abu. 14a, 15:04

Txiki eta Otaegiren olana, Azken Portun zabaldu zuten hainbat herritarrek. (Utzitakoa)

Txiki eta Otaegiren olanaren aferaren harira, Zarauzko Ernaik gutuna bidali du Zarautz Gukaren erredakziora. Ernaik dioenez, Txikiren eta Otaegiren memoria eta borroka ezin dira ezabatu Euskal Herriaren historiatik.

Gazteria da eraldaketarako motorra, eta horrela ulertu zuten frankismoaren aurka altxatu eta askapen nazionala muturreraino eraman nahi izan zuten gazte independentistek. Herri honek baditu erahilak izan diren militante politikoak, eta ikur dira Txiki eta Otaegi, orain dela 50 urte frankismoak fusilatu zituen azken euskal herritarrak. Biak eskualdekoak; Otaegi azpeitiarra eta Txiki zarauztarra.

Diktadura frankistaren aurka eta Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egiteagatik izan ziren epaituak, baita fusilatuak ere. Mende erdia igaro den arren, oraindik ez dute espaziorik gure herrietan, eta egun hauetan ikusi dugun bezala badaude herri honen historia ukatu eta desagerrarazi nahi izan dutenak.

Ezker Abertzaleak erdigunean ipini nahi izan ditu frankismoaren biktima horiek, eta hori dela eta, Santa Barbarako paretatik olana erraldoi bat bota zen, bi gudari horien aurpegiekin eta datekin. Lehentasunezko gaia izan da Zarauzko Udalarentzat herritarren bistatik kentzea, naturgunea izatearen aitzakipean. Hala ere, herritar denok dakigun bezala, espazio hori ez zen babestua, eta horrela erakutsi dute lehentasuna kentzea izan denean eta ez jasotzea. Udalak kentzetik Ezker Abertzaleak jaso arte egun batzuk igaro ziren, han utzi baitzuten udaleko arduradunek. Jaso ondoren, Azken Portuko Plaza Gorrian ipini zen, memoria erdigunean jarriz eta merezi duten espazioa herri boterearen bitartez eraikiz.

Diktadura ez zen erori, erreforma politikoaren bitartez izan zen eraikia, diktaduraren oniritziarekin, Francok "atado y bien atado" utzi zuen bere oinordekotza eta legatua. Zarautzen badakigu adierazpen askatasunari mugak jartze zaizkiola burokratizazioaren bitartez, eta aldarrikapen politikoen zein memoristikoen aurrean frankismoaren biktimek ez dutela espaziorik. Zarauzko Udalak agindu dezake mila pankarta kentzeko, baina beti agertuko da bat gehiago, beste nonbait... Txikiren eta Otaegiren memoria eta borroka ezin dira ezabatu herri honen historiatik.

Bere garaian hainbat gaztek egin zuten moduan, guri dagokigu Euskal Herriaren nazio askapena muturreraino eramatea, Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikiz. Garbi dugu ez digutela ezer oparituko. Irailaren 14an Donostian manifestazio nazionala izango da, 13:30ean, Bulebarretik abiatuta. Ekin eta bultza askatasunera! 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide