Abuztu hasierarekin batera, Jai Alai Zarautz erremonte txapelketa egingo dute Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Ostiraletik igandera bitartean jokatuko dituzte partidak Zarauzko pilotalekuan. Sarrerak 5 euroan izango dira salgai frontoiko leihatilan. Aurreko urteetan egin bezala, txapelketako antolatzaile Oriamendik partidetara hurreratzeko gonbidapenak banatuko ditu Zarauzko puntu desberdinetan.
Erremonte modalitatea herritarrengana hurreratzea du helburu aurtengoarekin laugarrengoz antolatu duen txapelketa horrek. Helburua betetzen ari direla adierazi zuten atzo arratsaldez Zarauzko udaletxeko pleno aretoan egin zuten agerraldian. Bertan izan ziren udaleko eta enpresa antolatzailearen ordezkariekin batera, txapelketan arituko diren erremontistak.
Jaialdiak "gero eta indar gehiago" hartzen ari dela nabarmendu zuen Zarauzko alkate Xabier Txurrukak. "Material egokia erabiltzen dute gure frontoirako eta joko bizi-bizia ikusteko aukera izaten dute bertaratzen direnek", gaineratu zuen.
Txapelketak iazko formatu bera izango duela adierazi zuen Oriamendi enpresako kuadeatzaile Iñaki Gonzalezek. Asteburuan Aritzbatalden arituko diren zortzi bikoteak bi multzotan banatuko dituzte; launa bikote multzo bakoitzean. Txapelketak hiru jardunaldi izango ditu. Ostiralean eta larunbatean finalerdiak jokatuko dituzte, eta jardunaldi bakoitzean A multzoko bikoteak B multzokoen aurka arituko dira, eta irabazleek finalak jokatuko dituzte igande arratsaldean. Partidak 15 tantotako bi jokoz osatuko dira, eta amaieran jokotara berdinketa badago, 8 tantotako joko labur bat jokatuko dute.
Partida guztiak 18:30ean jokatuko dituzte Aritzbatalde pilotalekuan, eta sarrerak 5 euroan izango dira salgai pilotalekuko leihatilan.
Ostiralean, abuztuaren 1ean, honako partidak jokatuko dituzte:
- Segurola-Goikoetxea VI.a vs Goikoetxea V.a-Eskudero
- Jabalera-Barrenetxea IV.a vs Ezkurra II.a-Larrañaga
Larunbateko jardunaldian, berriz, neurketa hauek izango dira:
- Susperregi-Martirena vs Gurrutxaga-Apezetxea
- Ansa II.a-Juanenea vs Aldabe-Azpiroz
Gonbidapenak herritarren eskura
Aurreko urteetan egin bezala, zaletuak eta herritarrak pilotalekura erakarri asmoz, partidetarako gonbidapenak banatuko ditu Oriamendi enpresak herriko puntu desberdinetan: turismo bulegoan, Zarauzko kanpinean, hoteletan, etab. Iñaki Gonzalezek azaldu zuenez, 4.000 gonbidapen inguru jarriko dituzte herritarren eskura. Gonbidapen bakoitzak jardunaldi bakarrerako balioko du.
Horrekin batera, iaz egin zutenaren moduan, kirol materialaren zozketa egingo dute jardunaldi bakoitzean Aritzbataldera hurreratzen diren guztien artean.