Zarauzko La Salle ikastetxeak epaitegietara jotzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak beren komunitatetik "kanpo" utzi dituen 13 familiei babesa adierazteko. Ezohiko batzar orokorra egin du ikastetxeak, eta "aho batez" onartu dute epaitegietan salaketa jartzea. "Zarauzko La Salle ikastetxea osatzen dugun guraso eta langileok erabateko babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu Hezkuntza Sailak gure komunitatetik kanpo utzi dituen 13 familiei. Aurtengo matrikulazio kanpainan 37 familiaren eskariak jaso genituen, eta horietatik 13 kanpoan uzteko erabakia lehenetsi du Eusko Jaurlaritzak", azaldu dute ikastetxeko arduradunek.
Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren kontra bi salaketa jarri dituztela zehaztu dute: bat, kanpoan gelditu diren familiek jarri dute "oinarrizko eskubide bat mugatu zaielakoan"; eta bestea, Zarauzko La Sallek jarri du, Hezkuntza Sailak ikastetxeak egindako aurreikuspena mugatu eta planifikazio arauak urratu dituelakoan. "Kautelazko neurri gisa", epaitegietan eskatu dute hamahiru haur horiei ikasturtea La Sallen hasteko eskubidea aitortzea.
Ikastetxeko arduradunek esan dute Hezkuntza Sailaren erabakiak "atsekabea eta ezinegona" eragin dituela La Salle osatzen duten guztiengan, "ikastetxea aukeratzeko familiek duten askatasuna eta eskubidea mugatzeaz gain, La Sallek aspaldian hasitako aurreikuspen lanak ezerezean geditu direlako".
Hain zuzen, joan den astean Gukari gutuna igorri zioten beren egonezinaren berri emateko onartuak izan ez diren hamahiru familietako ordezkariek.