Denok aukeratu dugu La Salle Zarautz gure seme-alaben hezkuntza bidea hasteko eskola modura. Erabaki hori ez dugu kasualitatez hartu: ikastetxearen ibilbide pedagogikoa, balioetan oinarritutako lana eta komunitate zabal eta hurbila izan dira gure hautua gidatu duten arrazoi nagusiak.
Hala ere, matrikulazio prozesuan izandako muga administratiboen ondorioz, hamahiru haur kanpoan geratu dira, itxaron-zerrendan, gure nahiaren aurka. Horrek nahigabe handia eragin digu; izan ere, familia gisa dugun eskubidea da gure seme-alabak hezkuntza-proiektu baten alde egitea, eta oraingoan, eskubide hori ez da errespetatua izan.
Gure aldetik, ahalegin handia egin dugu egoera ulertarazteko. Ume hauek La Sallen eskolatzea posible izan zedin, hainbat bilera egin dituzte ikastetxeko zuzendaritzak eta Hezkuntza Sailak. Prozesu osoan zehar, datuak eta aurreikuspenak mahai gainean jarri dira garaiz, argitasunez eta errespetuz, bi urteko gelarako behar zen eskaintza handitzeko helburuarekin. Hala ere, jasotako erantzunek ez diote gure eskaeraren tamainari eta funtsari erantzun. Areago, Hezkuntza Sailaren aldetik prozesu osoan gardentasun falta handia egon dela nabarmendu nahi dugu eta familiak erabateko babesgabetasun egoeran utzi gaituela salatu. Izan ere, ez digute inoiz La Salle lerro bakarrera mugatzearen arrazoirik eman, beste ikastetxe batzuei, nahikoa eskaera izan gabe, bi lerro mantentzeko aukera eman dieten bitartean.
Egoera zaila izan den arren, La Salle Zarautzeko zuzendaritzak eta hezkuntza komunitateak gurekin bat egin dute une oro, eta alternatibak bilatzen saiatu dira. Familiok eskertzen dugu ikastetxearen jarrera, enpatiaz, inplikazioz eta profesionaltasunez aritu direlako gure seme-alaben etorkizunaren alde. Zuen konpromisoa guganako eta gure haurrenganako benetan eskertzekoa izan da.
Gaur egun, gure seme-alabak beste ikastetxe batean matrikulatuta badaude ere, La Salle Zarautzen hezkuntza ereduan sinesten dugu, eta borrokan jarraituko dugu gure seme-alabak bertan eskolatuak izan daitezen. Gure mezua irmoa da: gure seme-alaben hezkuntzarako hautuari eusteko eskubidea dugu, eta Hezkuntza Sailari eskatzen diogu, gure ahotsa entzun dezan eta etorkizuneko planifikazioak herritarren benetako beharrei eta nahiari erantzun diezaien.